Itxi

Bilbao Basket

Larunbatean

Helburua, Eurokopa!

Erredakzioa

Uxue Bilbao Basketek Europa mailako lehen titulua lortu nahi du, Lokomotiv talde indartsuaren aurka. Partida zuzenean emango dute eitb.comek eta ETB-1ek, 21:00etatik aurrera.

  • Jokalariek historia egin nahi dute 2013ko Eurocup irabazita. Efe.

    Jokalariek historia egin nahi dute 2013ko Eurocup irabazita. Efe.

Uxue Bilbao Basketek gauza bakarra dauka buruan: Lokomotiv Kuban mendean hartu eta Charleroiko RTL Spiroudome kantxan bilbotarren historia laburreko lehen titulu handia irabaztea.  Garaipenak, gainera, sari bikoitza dakar: tituluaz gain, datorren denboraldian Euroliga jokatzeko txartela.

Talde bilbotarra ostiral goizean atera da Belgika aldera, aurten egiten ari den denboraldi onak ematen duen baikortasunarekin. Bilbao Basketen alde bederatzi jokalariko errotazio ona eta partidetan agertu ohi duen adorea eta kemena daude.

Adoreak eta kemenak zenbait egoera latzi buelta ematen lagundu die azken asteetan: sailkapen fasean Valentzian partida galduta zutela ematen zuenean, Kostas Vasileiadisek hiruko jaurtiketa harrigarria lortu zuen, eta Alemanian, final laurdenetan, Ratiopharm Ulm taldearen kontra 12 puntuz galtzen zihoanean ere egoerari buelta eman zioten.

Bizkaitarrek helburu garbia dute: 13 urteko bizitza laburraren ostean, lehen titulu handia irabaztea. Eurocupeko finala Endesa Ligako beste talde batzuek ere irabazi dute: Real Madril, Joventut, Valentzia eta Cajasol taldeek, alegia.

Lokomotiv, Errusiako goi-mailako taldea

Bizkaitarrek Lokomotiv izando dute aurrean, izarrez betetako talde errusiarra. Lokomotiven hasierako boskotea indartsua da oso, eta goi-mailako jokoa egiten du Nick Calathes antolatzailearen gidaritzapean. Calathes Eurocupeko MVP izendatu berri dute.

Calathesekin batera, bi lituaniarrek, bi estatubatuarrek eta serbiar-australiar batek osatzen dute taldearen ardatza.

'Marea beltza' Charleroin

2.000 zale bilbotar baino gehiago bilduko dira Charleroi hirian, eta zaleentzako gune berezia izango dute.  Jende asko, egun bizi dugun krisi egoera kontuan izanda. Krisiak ere eragina izan du Bilbao Basketen, talde bilbotarrak arazoak baititu bere babesleekin.

Larunbateko garaipena garrantzitsua da ere arazo horiei konponbidea aurkitzeko, izan ere, Eurocup irabazteak eta Euroliga jokatzeko sailkatzeak taldea erakargarriagoa egin dezake babesleen aurrean.