Itxi

Bilbao Basket

Hitzordua Charleroin

Uxue Bilbao Basket Eurokopako finalerako sailkatu da

Erredakzioa

Katsikarisen taldeak partida bikaina jokatu du, eta erraz gainditu du Budivelnik Kiev taldea (75-53). Finalean, Lokomotivekin neurtuko ditu indarrak.

  • Bilbao Basket, Eurokopako finalerako txartela ospatzen. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket, Eurokopako finalerako txartela ospatzen. Argazkia: EFE

Uxue Bilbao Basketek Eurokopako finalerako txartela eskuratu du finalerdietako itzuliko partidan Budivelnik taldea erraz gaindituta (75-53). Finala apirilaren 13an jokatuko dute bilbotarrek Charleroin (Belgikan), eta indarrak Lokomotivekin neurtuko dituzte.

Uxuek nahi izan duen erritmoa ezarri du hasieratik. Taldea kontzentratuta atera da, eta denek maila ona eskaini dute. Mumbru-Hervelle konexioak funtzionatu du, eta Hamiltonek puntu garrantzitsuak lortu ditu. Lehen laurdena 20-14ko emaitzarekin bukatu da.

Taldea gozatzen ari zen, eroso zegoen, eta Fran Pilepic eta Mamadou ere protagonistak izan dira taula azpian. Ukrainiako talde, bestalde, ezinean ari zen. Lyons eta Drozdov izan dira arrisku gehien sortu duten jokalariak. Atsedenaldian hamalau puntuko errenta zuten beltzezko gizonek (37-23).

Budivelniken jokoa erritmo gabekoa zen, eta, gainera, ez du susperraldirako zantzurik agertu. Uxuek berera jarraitu du, eta geroz eta gertuago ikusten zuen finalerako txartela. Azken hamar minutuak taldearen eta zaleen gozamenerako izan dira. Lyons izan da neurketako saskiratzaile onena 20 puntu lortuta.

Aurkaria, Lokomotiv

Lokomotiv izango da talde bizkaitarraren aurkaria Charleroiko finalean. Errusiarrek txartela eskuratu zuten, itzuliko partidan Valentzia Basket nagusi izan bazen ere (63-68).

Fitxa teknikoa:

UXUE BILBAO BASKET: Zisis (7), Vasileiadis (10), Mumbru (13), Hervelle (8) eta Hamilton (13) --hasierako bostekoa--; Lopez (-), Pilepic (10), Grimau (4), Moerman (-), Sanchez (-) eta Samb (10).

BUDIVELNIK KIEV: Delaney (5), Drozdov (12), Tsintsadze (-), Lyons (20) eta Anisimov (8)--hasierako bostekoa--; Herasymchuk (-), Gorbenko (6), Krivtsov (-), Iegorov (2) eta Anikiienko (-).

PARTZIALAK: 20-14, 17-9, 16-19, 22-11.