Bilbao Basket
83-93 irabazi dute
Uxue Bilbao Basket, Eurokopako finaletik gertu
Erredakzioa
Bizkaiko taldeak 83-93 irabazi dio BC Budibelnici finalerdietako joaneko partida, eta hamar puntuko abantailarekin ekingo dio itzulerako norgehiagokari.
Uxue Bilbao Basketek Eurokopako finalera sailkatzeko aurrerapausoa eman du finalerdietako joaneko partidan BC Budivelnici 83-93 irabazita. Hamar puntuko abantailarekin ekingo dio itzulerako partidari talde bizkaitarrak.
Lehen laurdena oso parekatua izan da, eta etxeko taldeak uste baino lan gehiago eman dio Bilbao Basketi. Laurdenaren zati handienean Budivelnicek agindu du, eta abantailak lortu ditu (12-8 eta 16-13). Baina azken txanpan Uxue Bilbao Basketek erasoan asmatu du, eta puntu bakareko aldea eskuratu du lehen hamar minutuen amaietran (19-20).
Bigarren laurdenean ere, gogotik lan egin behar izan du Katsikarisek zuzentzen duen taldeak. Etxeko taldeak ondo ekin dio bigarren laurdenari, eta sei puntuko aldea lortzeraino iritsi da (28-22). Une txarra pasa du Bilbao Basketek, baina azkar erantzun du, eta partida berdintzea lortu du (30-30). Partida estu joan da laurden honetan, eta lau puntuko aldearekin iritsi da Bilboa Basket atsedenaldira (44-48).
Hirugarren laurdenean erritmo biziagoa ezarri dio norgehiagokari Bilbao basketek, eta azkar hasi da aldeak lortzen. Hamabi puntuko aldea izan du talde bizkaitarrak, baina hirugarren laurdena 61-71eko emaitzarekin amaitu da.
Azken laurdenean, hamar puntuko abantailari eutsi dio Bilbao basketek. Budivelnicek desabantaila murriztea lortu du laurdenaren erdialdean, baina Uxuek ondo eutsi dio etxeko taldearen ekinari, eta garaipenak ez dio ihes egin (83-93).
Fitxa teknikoa:
83 - BC Budivelnik Kiev (19+25+17+22): Tsintsadze (8), Delaney (38), Drozdov (7), Lyons (7) eta Anikiienko (6) -quinteto inicial-; Salenga (11), Herasymchuk, Gorbenko eta Anisimov (6).
93 - Uxue Bilbao Basket (20+28+23+22): Zisis (14), Pilepic, Mumbru (14), Hervelle (4), Hamilton (26) –hasierako bostekoa-; Raul Lopez (5), Vasileiadis (20), Moerman (8), Rakovic (2) eta Sergio Sanchez.
Partzialak: 19-20, 44-48 (atsedenaldia); 61-71 eta 83-93 (amaiera).
Epaileak: Srdan Dozai (CRO), Carmelo Paternico (ITA) eta Apostolos Kalpakas (SUE).