Bilbao Basket
Eurokopa
Erakustaldia eta finalerdietara (101-78)
Erredakzioa
Katsikarisen taldeak erraz gainditu du Ratiopharm Ulm taldea, hasieratik erabat kontzentratuta jokatuz, eta Eurokopako finalerdietarako txartela lortu du.
Uxue Bilbao Basketek Eurokopako finalerdietarako txartela eskuratu du, partida handi batean Ratiopharm Ulm taldea mendean hartuta (101-78). Uxueren aurkaria Budivelnik Kiev-Spartak St. Petersburg kanporaketatik irtengo da.
Intentsitate handikoa izan da hasiera Miribillan. Finalerdietarako txartela jokoan zegoela lehen segundotik nabaritu da. Aurreneko laurdena oso parekatua izan da, baina talde alemaniarra nagusi izan da hiruko marratik (28-30). Bryant izan da, joanekoan bezala, protagonista.
Bigarrenean are zirraragarriagoa bihurtu da neurketa, eta beltzezko gizonak (Hamiltonek eta Zisisek aipamen berezia merezi dute) Alemaniako taldea baino gehiago izan dira. Atsedenaldian, hamar puntuko errenta zuen Uxue Bilbao Basketek (57-47).
Urduritasuna nagusi zen Alemaniako taldean, eta partidaren kontrola Katsikarisen gizonek zuten, baina kostata kudeatu dute bilbotarrek abantaila eta partidaren garrantziak sortu duen tentsioa. Hala ere, Zisisen eta Pilepicen lidergopean, hamabost puntuko aldearekin bukatu du Uxuek hirugarren laurdena (78-63).
Azken hamar minutuetan Grimauk atzean egindako lana bikaina izan da. Jokalariek eta zaleek gozatu baino ez dute egin. Nikoz Zisis izan da norgehiagokako saskiratzaile nagusia, 23 puntu eginda.
Fitxa teknikoa:
101 - Uxue Bilbao Basket (28+29+21+23): Zisis (23), Vasileiadis (7), Mumbru (6), Hervelle (5) eta Hamilton (21) -hasierako bostekoa; Raul Lopez (6), Pilepic (12), Grimau (13), Moerman (6), Rakovic (2), Sergio Sanchez eta Samb.
78 - Ratiopharm Ulm (30+17+16+15): Guenther (19), Esterkamp (13), Schwethelm (7), Theis eta Bryant (21) -hasierako bostekoa-; Jeter (3), Ray (10), Betz (5) eta Nankivil.
Partzialak: 28-30, 57-47 (atsedenaldia); 78-63 eta 101-78 (amaiera).