Itxi

Bilbao Basket

Eurokopako final-laurdenak

Bilbao Basketek akatsak ordaindu ditu, eta Miribillak erabakiko du

Erredakzioa

Ratiopharm Ulmek 85-81eko aldea ekarriko du Bilbora, partidaren bigarren zatian gailenduta. Azken uneetan aldea txikitu dute Bilbokoek, eta itzuliko partidak erabakiko du.

1:16

Ona izan daiteke Ratiopharm Ulmen eta Bilbao Basketen arteko partidaren emaitza (85-81), Miribillan beste aukera bat dutelako Bilbokoek. Kontzentrazio falta akats larriegia izan da Bilbao Basketentzat, baina aldea gutxitu dute bukaeran.

Hasieratik erakutsi ditu azkartasuna eta irabazteko grinak Alemaniako taldeak. Bryanten joko ikaragarriak gidatuta (saskiratzaile nagusia izan da, oso akats gutxirekin), 8-4 jarri da Ratiopharm Ulm. Erasoan zailtasun batzuk erakutsi ditu, hasieran, Bilbao Basketek.

Hala ere, Alemaniako taldearen erritmo bizia onartu eta partida berdindu du Bilboko taldeak (8-8, 10-10, 12-12). Erraztasun osoz etorri dira saskiratzeak, Vasileiadisen, Mumbruren, Hamiltonen eta Rakovicen kalitateak bilbotarren aldeko abantaila zabala lortu duen arte (18-30).

Bigarren laurdenean, etxeko taldeari 12 puntuko alde hori ezabatzea utzi dio Bilbao Basketek, eta 36nako berdinketa jarri da markagailuan. Ulmeko jokalariek ez dute inoiz amorerik eman, Alemaniako saskibaloiaren erakusle. Hala ere, Uxueren erreakzioa heldu da, eta 40-44 markagailuarekin joan dira atsedenaldira.

Bi taldeen arteko berdintasunarekin jarraitu du hirugarren zatiak. Bilbao Basket, ordea, oso galduta hasi da, kontrolik gabe erasoan. Katsikarisen errietak iratzarri egin ditu jokalariak, eta atzetik mantendu dituzte alemaniarrak. Hala ere, eta Bryant aulkian egonda, Radiopharmek aurretik bukatu du (60-58).

Neurketaren unerik zailena laugarren zatiaren hasiera izan da. Bilbokoen kontzentrazio falta aprobetxatu du etxeko taldeak, eta 71-60 jarri dute markagailuan. 10 azken minutuan, momentu ona erdietsi du Bilbao Basketek, erasoan zein defentsan, baina ez da nahikoa izan Ulmen erasoaldiak gelditzeko (25 puntu egin dituzte azken laurdenean).

Alemaniako taldeak ez du urduri jokatu eta ondo mantendu da bukaerara arte: aldea 12ra eraman dute. Hala ere, Bilbao Basketen azken bultzada batek diferentziak gutxitu ditu (0-8ko partziala egin dute), eta soilik 4 puntu irauli beharko dituzte (85-81), Miribilla alde izango dutela.