Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Miribillak final-laurdenetara bultzatu du Bilbao Basket

Erredakzioa

Bilboko taldeak 76-65 irabazi du VEF Rigaren aurka, eta Eurokopako hurrengo faserako multzoko lider gisa sailkatu da. Miribillako zaleak erabakigarriak izan dira, berriz ere.

2:32

Bilbao Basketek Eurokopako final-laurdenetarako txartela lortu du, VEF Riga 76-65 gaindituta, Miribillan. Uxuek sailkatzeko garaipena bai ala bai behar zuen, eta taldeak ez du hutsik egin. Letoniako taldeak ia partida osoan aurpegia eman du, eta Katsikarisen mutilek zaleen babes ikusgarria eskertu dute.

Bizkaiko taldeak akats gehiegi egin ditu erasoan, lehenengo laurdenean, eta Danielsek eta Rowlandek ederki gidatu dute Riga (10-17). Letoniako taldeak gogor defendatu du Miribillan, eta 9 puntuko alde garrantzitsua lortu du (13-22).

Bigarren laurdeneko aurreneko minutuetan, VEF Rigak markagailuko aldea handitu egin du (13-27), eta Uxue Bilbao Basket ezinean aritu da. Hala ere, Raul Lopezek erasoa bikain gidatu du, eta Bilboko taldeak 25-31koa jarri du. Kavaliauskasek taula azpian aise agindu du, baina Katsikarisen mutilek erasoan gehiago asmatu dute. Honela, Grimauk 34-35ekoa jarri du, eta Mumbruk markagailuan goitik jarri du Uxue (37-36).

Atsedenaldiaren ostean, Rowlandek puntu garrantzitsuak lortu ditu Rigarentzat, baina Lamont Hamiltonek ere saskiratze erabakigarriak sartu ditu (47-44). Zavackasek hiruko garrantzitsua eskuratu du, eta Letoniako taldea markagailuan goitik jarri da, berriz ere (49-50). Katsikarisen mutilek markagailuan azpitik (51-53 ) bukatu dute hirugarren laurdena.

Rigako taldeak 53-58ko markagailu arriskutsua jarri du, azkeneko laurdenaren hasierako minutuetan, eta Uxue Bilbao Basketek saskiratzeak lortzeko asko sufritu du. Hala ere, Bizkaiko taldeak oso gogor borrokatu du bi saskietan, eta 57-58koa jarri du. Mumbruk berdinketaren saskiratzea eskuratu du (60-60), eta talde beltzak aurrea hartu du (66-63). VEF Rigak ezin izan du markagailua irauli, eta garaipena Fotis Katsikarisen mutilek lortu dute (76-65).

- Fitxa teknikoa:

76 - Uxue Bilbao Basket (13+24+14+25): Zisis (7), Vasileadis (3), Mumbru (15), Hervelle (2) eta Hamilton (12) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (15), Grimau (4), Moerman (14) eta Rakovic (4).

65 - VEF Riga (22+14+17+12): Rowland (10), Janicenoks (10), Daniels (8), Kavaliauskas (12) eta Berzins (11) -hasierako bostekoa-; Bertans (8), Zavackas (6), Jahovics, Strelnieks eta Blaus.

Partzialak: 13-22, 37-36 (atsedenaldia); 51-53 eta 76-65 (bukaera).