Itxi

Bilbao Basket

Final-laurdenak

Herbalifek Kopatik at utzi du Bilbao Basket (74-62)

Erredakzioa

Fotis Katsikarisen gizonek partida kaskarra jokatu dute, eta Kanaria Handiako taldeak aise irabazi du. Finalerdietan, Pedro Martinezen mutilek Valentziaren aurka jokatuko dute.

2:56

Uxuek agur esan behar izan dio ACB Kopari, Herbalife Kanaria Handiak 74-62 aise irabazi baitu final-laurdenetako neurketa. Fotis Katsikarisen taldea ezinean aritu da, ia partida osoan, eta Xavi Reyk erakustaldia eman du taul azpian. Bizkaiko taldeak markagailua iraultzeko saiakera egin du, baina Kanaria Handiko taldea erraz nagusitu da.

Herbalife Kanaria Handiak intentsitate handiarekin hasi du neurketa, eta Fotis Katsikarisen mutilek baloia asko galdu dituzte (12-5). Hala ere, Bilboko taldeak defentsan sendoago jokatu du, eta Uxuek markagailuko aldea murriztu egin du (21-19).

Bigarren laurdenean, Pedro Martinezen gizonek abantaila polita hartu dute (28-19), baina Uxue Bilbao Basketek erantzun bikaina eman du, Lamont Hamilton estatubatuarraren eskutik (30-26). Kanaria Handiko taldeak asko sakatu du atsedenaldia heldu aurretik, baina Bizkaiko taldea lau puntura mantendu da (38-34).

Atsedenaldiaren ostean, Kanaria Handia nagusi izan da, berriz ere, Buesa Arenako kantxan, eta Xavi Reyk erakustaldia eman du erasoan (48-42). Bilboko taldeak akats argiak egin ditu erasoan, eta Herbalife 11 puntu goitik jarri da (55-44). Hala ere, Katsikarisen mutilek 55-49koa jartzea lortu dute, hirugarren laurdenaren bukaeran.

Uxue Bilbao Basketek ezin izan du markagailua irauli azkenengo laurdenean, eta Kanarietako taldeak garaipen erosoa eskuratu du. Pedro Martinezen mutilak defentsan sendo aritu dira, eta aldea handitu egin dute (64-53). Bilbao Basket ezinean aritu da, eta finalerdietarako txartela talde horiak lortu du (74-62). Herbalifek Valentzia Basketen aurka jokatuko du.

- Fitxa teknikoa:

74 - Herbalife Kanaria Handia (21+17+17+19): Bellas (8), Toolson (2), Newley (5), Nelson (11) eta Rey (22) -hasierako bostekoa-; Scheyer (12), Guerra (-), Beiran (7), Baez (5) eta Tavares (2).

72 - Uxue Bilbao Basket (19+15+15+13): Raul Lopez (3), Vasileiadis (13), Mumbru (15), Hervelle (2) eta Hamilton (12) -hasierako bostekoa-; Zisis (4), Pilepic (3), Grimau (2), Moerman (4) eta Rakovic (4).

Partzialak: 21-19, 38-34 (atsedenaldia); 55-49 eta 74-62 (bukaera).