Itxi

Bilbao Basket

Errege Kopako final-laurdenak

Uxuek Kanaria Handiaren aurka hasiko du Kopako ibilbidea

Erredakzioa

Kopako finalera heltzeko ilusioak hartu ditu Bizkaiko zaleak, Bilbao Basketi txapelketako alde errazena egokitu zaiolako, baina, beste ezeren aurretik, Kanaria Handia kanporatu behar dute.

Uxue Bilbao Basketek Herbalife Kanaria Handiaren kontra hasiko du Errege Kopako ibilbide itxaropentsua (zuzenean, 21:20tik aurrera, ETB-1en eta eitb.com-en). Fotis Katsikarisek gidatutako taldeak Baskoniaren, Bartzelonaren eta Real Madrilen (kanporatuta dago) bidea saihestu du. Koadroaren alde 'errazenetik' joateak ilusioz bete du Bilboko zalegoa, baina jokalariek zuhurrak izan nahi dute.

Raul Lopezen arabera, beste hiru taldeek ere (Kanaria Handia, Valentzia eta Estudiantes) "badakite hiru handiak balizko finalera arte saihestea euren alde doala, baina burugabea litzateke hurrengo partidetan pentsatzea lehenengoa jokatu gabe". Kanariarra, izan ere, beti izan da talde zaila Bilbao Basketentzat: uharteetan jokatutako partida guztiak irabazi dizkio, azkenekoa izan ezik.

Entrenatzailearen arabera, kanporaketa "% 50ean" dago. Kostas Vasileiadisek, ordea, posible ikusten du "finalera heltzea". Oraingoan, bi euskal taldeek balizko finalean baino ez lukete elkar ikusiko. Bilboko taldea ez da inoiz heldu Kopako final batera, Baskoniak kanporatu duelako aurreko hiru aldietan.

Lopez, Mumbru, Grimau, Hervelle, Zisis eta beste jokalari garrantzitsuek Bilbao Basketen lehenengo titulua lortzeko gogo handi dute. Katsikarisen mutilak denboraldi ona egiten ari dira, batez ere Eurokopan jarraitzea eskuratuta, eta itxaropena eta gogoak puntu bilakatzea izango du helburu Herbalife Kanaria Handiaren kontrako debutean.