Bilbao Basket
Eurocup
Vasileiadisen hirukoak garaipena eman dio Bilbao Basketi (60-61)
Erredakzioa
Partida zaila eta zirraragarria jokatu dute Valentziak eta Bilbao Basketek La Fontetan. Katsikarisen taldeak garaipen garrantzitsua lortu du, eta Europan bizirik jarraitzen du.
Uxue Bilbao Basketek garrantzi handiko garaipena lortu du Valentzia Basketen aurka (60-61), La Fontetan, eta taldeak bizirik jarraitzen du Eurocup txapelketan.
Gaizki hasi dute partida bilbotarrek. Defentsan, ez dute errebotea behar bezala itxi, eta opari gehiegi egin dituzte; erasoan ere, ez dira fin ibili. Etxekoak izan dira nagusi, baina Rakovicek lortutako saskiratze bati esker, bi puntuko errentarekin ekin dio Uxuek bigarren laurdenari (18-20).
Bigarren laurdenean, bederatzi puntu baino ez ditu lortu Bilbao Basketek (37-29). Taldeak Hamilton, Mumbru edo Vasileiadis suspertzea behar zuen. Etxekoetan, Rafa Martinezen eta Lishchuken lana izan da azpimarratzekoa.
Uxueren jokoak hobera egin du hirugarren laurdenaren hasieran, baina Valentzia ez zegoen amore emateko prest, eta markagailuan hurbiltzea helburu nekeza zen. Hala ere, eta 30.era iristeko minutu baten faltan, batera jarri dira bilbotarrak (46-45). Baina hurrengo bi erasoetan huts egin du Bilbao Basketek, eta laurden horren bukaeran aurretik jarraitzen zuten etxekoek (50-45).
Azken hamar minutuetan suspertu da Bilbao Basket, eta sei puntuko errenta izatera iritsi da taldea (52-58), baina Valentziak ez zuen partida galdu nahi, eta, garaipena etxean geratuko zela ematen zuenean, Vasileiadis agertu da. Kostasen hiruko batek garaipena eman dio Uxueri. Gauzak horrela, bi garaipen lortu eta beste bi porrot jaso ditu Bilbao Basketek Last 16ko aurreneko lau jardunaldietan.
Fitxa teknikoa:
60 - Valentzia Basket (18+19+13+10): San Miguel (-) , Martinez (14), Kelati (3), Doellman (14), Lishchuk (14) -hasierako bostekoa- Markovic (2), Ribas (7), Faverani (4), Dubljevic (-), eta Pietrus (2).
61 - Uxue Bilbao Basket (20+9+16+16): Raul Lopez (-), Vasileadis (14), Mumbru (5), Hervelle (6), Hamilton (12)- hasierako bostekoa- Zisis (2), Rakovic (2), Moerman (9), Samb (-), Pilepic (3) eta Grimau (8).