Itxi

Bilbao Basket

Bartzelona-Uxue (87-85)

Bilbao Basketek luzapenean galdu du partida bikaina jokatu ostean

Erredakzioa

Uxuek neurketa hasiera bikaina egin du, baina partida parekatua izan da. Bilbotarrek garaipena eskuetan izan dute Hamiltonek hiruko bat saskiratu eta gero, baina norgehiagoka luzapenera joan da.

0:54
Argazkia: EITB

Uxue Bilbao Basketek 87-85 galdu du Palau Blaugranan. Bizkaitarrek partida bikaina jokatu dute, baina norgehiagoka luzapenean erabaki da eta bilbotarrek porrot egin dute. Partidaren amaieran eta luzapenean Bartzelonak Uxuek baino gehiago asmatu eta garaipena lortu du.

Bilbao Basketek hasiera ikusgarria egin du Palau Blaugranan, eta 0-12ko partziala sartu dio Bartzelonari. Bizkaitarrek defentsan sakatu eta erasoan ikaragarri asmatu dute aurreneko minutuetan.

Hala ere, inork ez zuen esan erraza izan behar zenik, eta Barça markagailuan berehala hurbildu da. Baina beltzezko gizonek ez dute etsi eta lanean jarraitu dute lehen laurdena bost puntu goitik bukatzeko (15-20).

Bigarren laurdenean Vasileiadisek orkatilean min hartu du epaile bati zapaldu ostean. Greziako hegalekoak kantxa utzi behar izan du. Neurketak parekotasunaren bidetik jarraitu du atsedenaldira arte (29-32). Huertasek (13 puntu) Kataluniako taldea partidan bizirik mantendu du.

Atsedenaldiaren ostean Vasileiadis osatu egin da eta neurketan parte hartu du berriro. Bilbotarrek fin jarraitu eta markagailuan alde egin dute. Mumbruk eta Hamiltonek beltzezko gizonak gidatu dituzte. Baina kataluniarrak suspertu dira eta abantaila murriztu dute (47-53).

Azken laurdenean Uxuek garaipena eskuetan izan du Hamiltonek hiruko erabakigarri bat sartu eta gero. Baina bilbotarrek kale egin dute, eta Barçak azken minutuan asmatu du. Horrela, neurketa luzapenean erabaki behar izan da.

Luzapena orekatua izan da eta ez da amaierara arte erabaki, baina bilbotarrek azken laurdeneko kolpea nabaritu dute. Horrela, bizkaitarrek porrot egin dute partida bikaina jokatu ostean. Vasileiadisek norgehiagoka irabazteko aukera izan du azken jabetzan, baina ez du hirukoan asmatu.

Fitxa teknikoa:

87 - Bartzelona Regal (15+14+18+26+14): Sada (-), Navarro (-), Mickeal (8), Wallace (-), Tomic (4) -hasierako bostekoa-, Jawai (12), Huertas (19), Abrines (5), Rabaseda (7), Lorbek (18) eta Jasikevicius (14).

84 - Uxue Bilbao Basket (20+12+21+20+12): Raul Lopez (-), Vasileadis (24), Mumbru (10), Hervelle (-), Hamilton (21) -hasierako bostekoal-; Zisis (12), Pilepic (5), Grimau (3), Moerman (-), Rakovic (10) eta Samb (-).