Itxi

Bilbao Basket

Miribillan

Uxue Bilbao Basketek bizirik jarraitzen du Eurokopan (91-76)

Erredakzioa

Fotis Katsikarisen mutilek garaipen garrantzitsua lortu dute Valentzia Basketen aurka. Bilboko taldeak hurrengo faserako sailkatzeko aukerak izaten jarraitzen du.

  • Bilbao Basket-Valentzia Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket-Valentzia Basket. Argazkia: EFE

Bilbao Basketek 91-76 irabazi dio Valentzia Basketi, eta Bizkaiko taldeak bizirik jarraitzen du Eurokopan. Katsikarisen mutilek defentsa sendotu egin dute, bigarren laurdenean izan ezik, eta Valentziako taldeak akats ugari egin ditu. Raul Lopezek erasoan erakustaldia eman du, eta kataluniarrak garaipenera gidatu du taldea.

Uxue Bilbao Basketek partida sendo hasi du 8-0ko partzialarekin. Katsikarisen mutilek defentsan asko sakatu dute, eta Mumbruk, 6 punturekin, erasoa gidatu du. Hala ere, Valentzia Basketek erantzun bikaina eman du, eta Perasovicen mutilek 10-10ekoa lortu dute. Bilboko taldeak defentsan gogor jokatzen jarraitu du, eta lehenengo laurdena 23-16koarekin bukatu da.

Bigarren laurdenean Valentziako taldeak erasoan erakustaldia eman du eta Kelatik markagailuan goitik jarri du talde taronja partidan aurrenekoz (31-34). Perasovicen gizonek 0-18ko partzial ikusgarria lortu dute (31-39), eta Bilbao Basketek ezin izan du emaitza irauli. Hala ere, Bizkaiko taldeak markagailuko aldea txikiagotu egin du (41-44).

Atsedenaldiaren ostean, Raul Lopezek erasoan erakustaldia eman du, eta Bilboko taldea markagailuan goitik jarri da, berriz ere (48-44). Valentzia Basketek akats ugari egin ditu erasoan, eta Fotis Katsikarisen mutilek markagailuko aldea handitu dute (57-49). Hirugarren laurdenaren bukaeran, Uxuek 10 puntuko abantaila eskuratu du (66-56).

Bilbao Basketek markagailuko aldea mantentzen asmatu du, eta Perasovicen gizonak ezinean aritu dira. Talde beltzak 12 puntuko alde lortu du (79-67), eta norgehiagoka ia erabakita gelditu da. Azkenengo minutuetan Milovan Rakovicek puntu garrantzitsuak lortu ditu, eta emaitza 91-76koa izan da Miribillako Bilbao Arenan.

Fitxa teknikoa:

91 - Uxue Bilbao Basket (23+18+25+25): Raul Lopez (14), Vasileiadis (9), Mumbru (14), Hervelle (4) eta Hamilton (8) -hasierako bostekoa-; Zisis (14), Pilepic (6), Grimau (2), Moerman (6) eta Rakovic (14).

76 - Valentzia Basket (16+28+12+20): San Miguel (3), Rafa Martinez (-), Kelati (20), Dubljevic (13) eta Lishchuk (9) -hasierako bostekoa-; Markovic (7), Ribas (3), Pietrus (4), Doellman (5) eta Faverani (12).