Bilbao Basket
81-70, Miribillan
Bilbao Basketek Herbalife gainditu du, defentsa sendotuta
Erredakzioa
Fotis Katsikarisen mutilek garaipen garrantzitsua lortu dute Kanaria Handiko taldearen aurka (81-70). Mumbruk ederki gidatu du taldea erasoan.
Uxue Bilbao Basketek landutako garaipen garrantzitsua eskuratu du Herbalife Kanaria Handiaren aurka (81-70). Bizkaiko taldeak Errege Kopako final-laurdenetan Pedro Martinezen mutilen aurka jokatu beharko du, eta konfiantza hartzeko aurrerapauso ederra eman du. Alex Mumbruk ederki gidatu du taldea erasoan, eta gainera, orain, talde beltzak Kanaria Handiarekin basket-averagea alde du.
Fotis Katsikarisen mutilek partida gaizki hasi dute (11-16), baina Bilbao Basketek adorearekin jokatu du erasoan, eta aurreneko laurdena 22-22koarekin bukatu da Miribillan.
Bigarren laurdenean partida orekatu egin da, eta Herbalifek markagailuan aldea handitzeko gogor sakatu du erasoan. Hala ere, Bizkaiko taldea defentsan sendo aritu da, eta pixkanaka taula azpian nagusitzen hasi da (31-32). Uxuek markagailua iraultzea lortu du, eta atsedenaldira hiru puntuko aldearekin joan da (39-36).
Atsedenaldiaren ostean Katsikarisen mutilek 10-0eko partzial ikusgarria lortu dute, eta Kanaria Handiko taldeak ezin izan du talde beltzaren erritmoa jarraitu (49-36). Bilbao Basket nagusi izan da Miribillako kantxan, baina Pedro Martinezen taldea markagailuan gertu mantendu da (59-50).
Azkenengo laurdenean Herbalife Kanaria Handia arriskuarekin hurbildu da markagailuan (61-57), hirukoei esker, baina Bilboko taldea aurretik mantendu da (70-63). Mumbruk ederki gidatu du Uxueren erasoa une garrantzitsuetan, eta Bilbao Basketek garaipen garrantzitsua lortu du, aurkari zuzenaren aurka (81-70).
- Fitxa teknikoa:
81 - Uxue Bilbao Basket (22+17+20+22): Raul Lopez (12), Vasileadis (9), Mumbru (18), Hervelle (9), Hamilton (12) -hasierako bostekoa-; Zisis (3), Pilepic (-), Grimau (5), Moerman (5) eta Rakovic (8).
70 - Herbalife Kanaria Handia (22+14+14+20): Bellas (7), Toolson (9), Newley (18), Nelson (4), Rey (6) -hasierako bostekoa-, Scheyer (5), Guerra (-), Beiran (10), Baez (9) eta Tavares (2).