Itxi

Bilbao Basket

Eurocup

Rowland VEF Rigako antolatzaileak Uxue akabatu du

Erredakzioa

Lehen zatian partida oso parekatua izan da, baina atsedenaldiaren ostean bilbotarrek behera egin dute. Uxuek ez du Letoniako taldearen jokoa geldiarazi eta azken laurdenean jipoia jaso du.

0:32
Argazkia: EITB

VEF Rigak Uxue Bilbao Basket jipoitu du Letonian (99-76). Ondorioz, Eurocupeko final-laurdenetarako txartela lortzeko aukera gehiago galdu ditu Bizkaiko taldeak. Bilbotarrek bi neurketa jarraian galdu dituzte eta Rigan ez dute aukerarik izan. Rowland Letoniako taldearen antolatzailea norgehiagokako protagonista nagusia izan da. Katsikarisen jokalariek ezin izan dute antolatzailearen jokoa geldiarazi.

Lehen laurdenean Letoniako taldearen jaurtitzaileak ez ditu geratu Bilbao Basketek. Neurketaren atarian VEF Rigaren arriskuaz ohartarazi zuen Katsikarisek. Hala ere, Baltikoko taldearen jaurtitzaileek erraz lortu dituzte saskiratzeak (25-21).

Horrela, lehen atsedenaldian Katsikaris oso haserre agertu da bere jokalariekin: "Laurden batean 25 puntu jaso ditugu". Bigarren laurdenean, norgehiagokak norabide beretik jarraitu du eta bizkaitarrek Riga geldiarazteko formula ez dute aurkitu.

Letoniako taldeak taulapean eta kanpoko jaurtiketetan asmatu du. Bilbotarrek ez dute defentsan estutu eta markagailuan ordaindu dute berriro (50-44).

Atsedenaldiaren ostean bizkaitarrak oso ongi kantxaratu dira eta markagailua minutu batean orekatu dute, baina susperraldiak ez du jarraipenik izan eta Rigak berehala aprobetxatu du berriz markagailuan aurrea hartzeko.

Gainera, hirugarren laurdeneko azken minutuetan Rigak hiruko marratik ikaragarri asmatu du. Rowland Letoniako taldearen antolatzaileak nahi duena egin du Bilbao Basketeko defentsarekin (75-61).

Azken laurdenean Rowlanden erakustaldiak jarraitu egin du, bilbotarren defentsaren ahulezia aprobetxatuz. VEF Rigak abantaila areagotu du lehen minutuetan eta partida maldan gora jarri da. Uxuek etsi egin du eta neurketa erabaki du Letoniako taldeak.

Fitxa teknikoa:

99 - VEF Riga (25+25+25+24): Rowland (30), Janicenoks (10), Daniels (8), Kavaliauskas (9), Berzins (6) -hasierako bostekoa-; Bertans (7), Strelnieks (-), Jahovics (16), Zavackas (11) eta Blaus (2).

76 - Uxue Bilbao Basket (21+23+17+15): Zisis (2), Vasileadis (20), Mumbru (13), Hervelle (3) eta Hamilton (13) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (15), Grimau (10), Moerman (-), Rakovic (-) eta Samb (-).