Bilbao Basket
Uxue-CB Canarias (78-70)
Aulkiko jokalariek garaipena eman diote Bilbao Basketi
Erredakzioa
Mamadou Samb pibota norgehiagokako protagonista nagusia izan da. Hamiltonek faltak azkar egin ditu eta Sambek ordezkatu behar izan du. Ordezko pibotak neurketa bikaina jokatu du.
Uxue Bilbao Basketek CB Canarias hartu du mendean, Miribillan (78-70). Bilboko taldearen aulkiak aldea egin du; izan ere, ez ohiko jokalariek neurketa desorekatu dute. Mamadou Samb, Alex Mumbru eta Axel Hevelle (13 puntu eta 24 balorazioa) onenak izan dira.
CB Canariasek Bilbao Basketen erasoko jarioa ederki eten du aurreneko minutuetan, eta markagailuan agindu du. Beltzezko gizonek ongi defendatu dute, baina erasoan ez dira eroso aurkitu.
Gainera, Hamiltonek bi falta azkarregi egin ditu eta Fotis Katsikarisek aldaketa egin behar izan du. Hala ere, Sambek (8 puntu eta 11ko balorazioa) aukera aprobetxatu eta minutu onak jokatu ditu. Horrela, Uxuek markagailuan aurrea hartu du lehen laurdenaren hondarrean (20-19).
Hamiltonek bere egun beltzarekin jarraitu du bigarren laurdenean eta hirugarren falta berehala egin du. Horrela, pibot estatubatuarrak aulkian amaitu du berriro. Baina Sambek (14 puntu eta 21 balorazioa) partida ikusgarria egiten jarraitu du, aulkiko gainerako gizonekin batera (Pilepic eta Moerman).
Mumbruk (15 puntu eta 18 balorazioa) eraso bizkaitarra bideratu du eta markagailuan abantaila lortu dute bilbotarrek (41-28).
Atsedenaldiaren ostean, bilbotarrek abantaila kudeatzen jakin dute. Hamilton esnatu da eta zenbaki hobeagoak lortu ditu, baina zalantza barik, neurketako protagonista Samb izan da. Pibotak minutu gehiago eskatu ditu gaurko partidan.
Azken laurdenean partida osoan egindako lana hondatzeko zorian izan dira beltzezko gizonak. Uxue gehiegi erlaxatu da eta CB Canariasek markagailuan hurbiltzeko aprobetxatu du. Zorionez kanariarrek ez dute markagailua irauli.
Fitxa teknikoa:
78 - Uxue Bilbao Basket (20+21+20+17): Zisis (5), Vasileadis (8), Mumbru (15), Hervelle (13) eta Hamilton (8) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (2), Pilepic (8), Grimau (3), Moerman (2) eta Samb (14).
70 - CB Canarias (19+9+20+22): Uriz (11), Blanco (15), Rost (4), Donaldson (4) eta Sekulic (7) -hasierako bostekoal-; Heras (3), Bivia (2), Richotti (8), Lambropoulos (-), Guillen (12) eta Chagoyen (4).