Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Bilbao Basketek Murtzia jipoitu eta Errege Kopa hurbilago du

Erredakzioa

UCAM Murtzia ez da arerio izan; izan ere, bilbotarrak oso eraginkorrak izan dira erasoan, eta sendo azaldu dira defentsan. Katsikarisen jokalariek ez dute Raul Lopezen baja nabaritu.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Bilbao Basketek UCAM Murtzia aise hartu du mendean (98-75), Miribillan, eta Errege Koparako sailkapena bideratu du. Gainera, bizkaitarrek garaipena lortu dute Endesa Ligako azken bi neurketetan porrot egin ostean.

Bilbao Basket erasoan ongi hasi da eta aurreneko bost minutuetan abantaila ederra lortu du. UCAM Murtziako entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du bilbotarren erauntzia geldiarazteko. Hala ere, 'beltzezko gizonek' lanean jarraitu dute eta lehen laurdenean nagusi izan dira (30-15).

Bigarren laurdenean, Murtzia suspertu da eta 5-12ko partziala sartu dio Bilbao Basketi. Ondorioz, UCAM markagailuan hurbildu da, baina Fotis Katsikarisen mutilek ez dute etsi eta erasoan berriro asmatu egin dute (49-35). Murtziak ezin izan du defentsa estutu; izan ere, Ligako talderik txarrena da arlo horretan, puntu gehien jasotzen dituen taldea delako.

Atsedenaldiaren ostean, murtziarrak zonakako defentsa batekin saiatu dira, baina Bilbao Basket ez da kokildu. Horrela, neurketak bide beretik jarraitu du eta bizkaitarrak nagusi izan dira hirugarren laurdenean (77-55).

Azken laurdenean gidoia errepikatu da. Bilbotarrak garaipen erosoa baieztatu dute. UCAM Murtzia saiatu da, baina Bilbao Basket nagusi izan da norgehiagoka osoan zehar.

Fitxa teknikoa:

98 - Bilbao Basket (30+19+28+21): Zisis (11), Vasileiadis (16), Mumbru (8), Hervelle (16) eta Hamilton (17) -hasierako bostekoa-; Grimau (8), Moerman (7), Rakovic (6), Pilepic (8) eta Sergio Sanchez (1).

75 - UCAM CB Murcia (15+20+20+20): Ragland (3), Gatens (15), Berni Rodríguez (7), Antelo (4) eta Lewis (7) -hasierako bostekoa-, Franch (9), Miso (9), Barlow (9), Tillie (12) eta Servera (-).