Bilbao Basket
76-79
Cajasolek ezustekoa eman du Miribillan
Erredakzioa
Talde andaluziarra Endesa Ligako azken sailkatua zen, eta 76-79 irabazi dio dio Bizkaia Bilbao Basketi. Talde bizkaitarrak denboraldi honetan etxean hartzen duen lehen porrota jaso du.
Cajasolek ezustekoa eman du Miribillan Bizkaia Bilbao Basketi 76-79 irabazita. Endesa Ligako azken sailkatua zen talde andaluziarra, eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Aito Garcia Renesesek zuzentzen duen taldeak.
Bilbao Arenara gerturatu diren zaleek saskibaloi partida bikainaz gozatzeko aukera izan dute. Bilbao Basketek eta Cajasolek norgehiagoka zirraragarria eskaini dute. Etxeko taldeak ondo ekin dio partidari, eta bazirudien garaipena erraz bideratzeko aukera izango zuela Bizkaiak, baina ez da hala izan. Cajasolek ez dio markagailuan aldea zabaltzen utzi, eta andaluziarrak lau puntuko abantilarekin iritsi dira lehen laurdenaren amaierara (17-21).
Bigarren laurdenean defentsa sendotu behar izan du Katsikarisek, eta erabakiak saria izan du. Cajasolek bederatzi puntu besterik ez ditu sartu laurden honetan. Erasoan ere gehiago asmatu du etxeko taldeak bigarren laurdenean, eta partida Bilbao basketen aldeko 34-30eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Atsedenaldia bukatuta, bi taldeek ez dute lehen zatian azaldutako maila jaitsi. Parekatua izan da hirugarren laurdena. Markagailua estu joan da laurden guztian zehar. Laurdena bukatzeko 32 segundo falta zirenean, partida berdintzea lortu du Cajasolek (51-51), baina azken segundoetan lortutako saskiraketarekin Bilbao Basketek bi puntuko aldearekin amaitu du hirugarren laurdena (53-51).
Azken laurdena emozioz beteta egon da azken unera arte. Partida amaitzeko minutu bat eta hogeita hamar segundo falta zirenean, 71-74 agintzen izan du Cajasolek, baina Bilbao Basket fin ibili da hiruko jaurtiketetan eta partida berdintzea lortu du (74-74). Amaierarako sei segundo geratu direnean, puntu bateko aldea hartu du Cajasolek, eta Bizkaia Bilbao Basketentzat izan da azken jabetza. Zisisek baloia galdu du azken jabetza horretan, ondoren falta egin du, eta Cajasolek garaipena eskuratu du 76-79ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
76 - Bilbao Basket (17+17+19+23): Zisis (6), Vasileiadis (15), Mumbru (24), Hervelle (10) eta Hamilton (4) –hasierako bostekoa-; Raul Lopez (-), Grimau (7), Moerman (-), Rakovic (10) eta Pilepic (-).
79 - Cajasol (21+9+21+28): Satoransky (18), Tepic (7), Asbury (8), Williams (11), Triguero (5) –hasierako bostekoa-, Holland (5), Sastre (12), Bogdanovic (13), Radicevic (-) eta Balvin (-).
Epaileak: Redondo, Perea y Oyón. Sin eliminados.
Partzialak: 17-21, 34-30 (atsedenaldia); 53-51 eta 76-79 (amaiera).