Pilota
Kontratu berritzea
Rezustak kontratua berritu du Asperekin 2028ko martxora arte
EITB Media
Beñat Rezustak eta Aspek 2028ko martxoaren 31ra arte luzatu dute bi aldeak lotzen dituen kontratua. Hala, bada, Bergarakoak hiru urte gehiagoz jarraituko du Eibarko enpresan.
-
Beñat Rezusta, pilotaria. Argazkia: EITB Media
Beñat Rezustak (Bergara, 1993) 2028ko martxoaren 31ra arte berritu du kontratua Aspe enpresarekin. Beraz, bi aldeek elkarrekin lotuta jarraituko dute hiru urtez, Aspek apirilaren 16an jakinarazi duenez.
Binakako egungo txapelduna pozik agertu da Asperekin lortutako akordioarekin: "Gustura jokatzen ari naiz, eta hau da nahi nuena. Zenbat eta partida gehiago jokatu, orduan eta hobeto, eta kontratu honek hori egiteko aukera ematen dit", adierazi du.
Rezustak, orain, uda du begiz jota: "Ez zait faltako ilusioa txapelketa horiek prestatzeko eta jokatzeko. Gustatzen zaidan garai bat da. Izan ere, iazkoa bezain uda betea. Nire helburua da duela urtebete adina torneo zein partida jokatzea", gaineratu du.
Beñat Rezustak palmares zabala du: Binakako Txapelketako hiru txapel ditu (2017, 2019 eta 2025), 2016an eta 2018an txapeldunorde izan zen Binakakoan, 2014an Promozioko Binakako eta Promozioko Buruz Buruko txapeldun izan zen, eta, lehenago, Bergarako Hiria (2013), Euskadiko Buruz Buruko Txapelketa (2012 eta 2013) eta Diario Vasco Promesas (2010) irabazi zituen.