Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Emakume Master Cup

Arraiza eta Gaminde, Binakako txapeldun

L.U. | EITB MEDIA

18 eta 22 menderatu dituzte Arrizabalaga eta Bergara, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatutako finalean, ezustekoa emanda.

1:22
Arraizak eta Gamindek irabazi dute Binakako txapelketa nagusia

Miriam Arraiza eta Enara Gaminde, 2025eko Emakume Master Cupeko Binakako txapeldunak. Donostiako aurrelaria eta Laukizko atzelaria nagusi izan dira Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergararen aurka Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokatutako final handian, 18 eta 22 gailenduta.

Final oso orekatua eta estua aurreikusita zegoen, eta hori izan da, hain zuzen, Madalensoro pilotalekura gerturatutako ikusleek ikusi eta gozatu dutena. Ez da gutxiagorako izan, aurrez aurre izan baitira egungo aurrelari onena, Arrizabalaga, eta atzelaririk onenetarikoa, Gaminde.

Arrizabalaga eta Bergararen estrategia saketik tantoa egin edo bigarren pilotakadaren bila joatea izan da. Urdinetan, berriz, aginte makila Gamindek hartu du, bikotearen sama bere gain hartuta. Dena den, Arraizak bere lehen finalean egindako lana ere bikaina izan da.

Gauzak horrela, hasiera batean, gorriak jarri dira markagailuan aurretik, 5 tantoko partziala lortuta (10-5). Bikote urdinak, baina, hortzak eztututa, partzial hori murriztu, eta markagailua parekatzea lortu du (11-11). Hortik aurrera, markagailuan alde txikiak izan dira batzuen eta besteen artean, bi tantokoa gehien jota, eta finala bizirik eta zabalik izan da azkenera arte.

Arraiza eta Gaminde aurretik jarri dira 15. tantoa eginda (14-15), baita beste bat ere (14-16), eta gorrien hurrengo tantoaren ostean (15-16), urdinek 15-18koa jarri dute markagailuan. Hala ere, urdinei partida zaildu zaie gorriek 3 tanto jarraian egin dituztenean, markagailua parekatzeko berriro (18-18).

Bikote urdinaren erantzuna etorri da orduan, 18 eta 21 jarri baitira aurretik. Ezustekoa emanda, txapelak ez die ihes egin Arraiza eta Gaminderi, eta 18 eta 22 gailendu dira. Laukizko atzelariak bere ibilbideko bigarren txapela jantzi du, eta Donostiako aurrelariak, berriz, lehena.

Finala, tantoz tanto:

0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 5-2, 5-3, 5-4, 5-5, 6-5, 7-5, 8-5, 9-5, 10-5, 10-6, 10-7, 11-7, 11-8, 11-9, 11-10, 11-11, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 14-15, 14-16, 15-16, 15-17, 15-18, 16-18, 17-18, 18-18, 18-19, 18-20, 18-21, 18-22.

 

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • AZ.
  • OG.
  • OR.
  • LR.
  • IG.
  • AL.

Ez dago zuzenekorik

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…