Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Caixabank Mastersa

Peña II-Zabaleta eta Altuna III-Iztueta bikoteek jokatuko dute CaixaBank Masterseko finala

I. G. | EITB MEDIA

Nafarroa Arenan jokatu diren finalerdietan, 22-16 eta 22-15 menderatu dituzte Etxeberria-Mariezkurrena eta Zabala-Imaz bikoteak, hurrenez hurren. Finala igande honetan izango da, urriaren 6an, eta zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en eta ETB1en.

1:28

Peña II-Zabaleta eta Altuna III-Iztueta bikoteek jokatuko dute CaixaBank Masterseko finala, ostiral honetan Nafarroa Arenan jokatu diren finalerdietan Etxeberria-Mariezkurrena eta Zabala-Imaz bikoteak 22-16 eta 22-15 menderatuta, hurrenez hurren. Finala igande honetan izango da, urriaren 6an, eta zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en eta ETB1en, 17:00etatik aurrera.

Lehen partidan, Jon Ander Peñak eta Jose Javier Zabaletak Peio Etxeberriaren eta Jon Mariezkurrenaren aurka neurtu dituzte indarrak. Urdinek oso ondo hasi dute partida, ondo mugitu dute pilota, eta aurretik jarri dira. Hala ere, Peña eta Zabaleta ez dira kikildu, eta hurbil izan dituzte markagailuan, tarte txikiari eutsirik (5-7).

Partida ezin parekatuagoa izan da, eta, erdigunera iristean, gorriak aurretik jarri dira lehenengoz (13-12). 5-0eko partziala eginda, Peñak eta Zabaletak ihes egin dute, eta nagusi izan dira azken tantoetan, garaipena eskuratzeko (22-16).

Beste partidan, Jokin Altunak eta Martxel Iztuetak Javier Zabala eta Ander Imaz izan dituzte aurkari. Aurrekoarekin alderatuta, oso bestelako partida izan da. Zabala eta Imaz oso eskas aritu dira, eta Altuna, berriz, berak nahi bezala. Hala, oso tanto gutxirekin hautsi da partida, lehen 12 tantoak gorrienak izan baitira (12-0).

Dena erabakita zegoela zirudienean, baina, urdinak esnatu egin dira, eta berriro sartu dira lehian, pixkanaka. Iztueta bilatu dute, atzean min egiteko, eta hiru tantora jarri dira (14-11). Hala ere, Altuna sartu da jokoan orduan, bikotekideari laguntzeko, eta berriz hartu dute partidaren agintea (19-13). Azkenean, gorriak nagusitu dira (22-15).

Gauzak horrela, Peña II-Zabaleta eta Altuna III-Iztueta bikoteen artean erabakiko da txapelduna.