Pilota
Hirugarren ekitaldia
Aldai-Mendizabal Binakakoan eta Arrillaga Lau t'erdikoan, "Plazandreak" saioko txapeldunak
EITB MEDIA
Dimako aurrelaria eta Andoaingo atzelaria Zabaleta eta Gaminde gainditu dituzte 22-21. Arrillaga, berriz, Larrarteri gailendu zaio 18-13 kaiolako final handian.
Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek irabazi dute "Plazandreak" saioko hirugarren edizioko Binakako Txapelketako finala. Miriam Arrillagak ere beste horrenbeste egin du, Lau T'erdiko finalean.
Binakako finalak eman dio hasiera jaialdiari. Bertan Aldai-Mendizabal eta Zabaleta-Gaminde bikoteak izan dira nor baino nor gehiago. Aurretik, bigarren jardunaldian neurtu zituzten indarrak, eta orduan gaur urdinez aritu diren Zabaleta eta Gaminde gailendu ziren.
Lau pilotariak deseroso izan dira Bilboko Esperantza pilotalekuan, urduri, eta partidan sartzeko arazoekin. Ondorioz, huts ugari egin dituzte. Aldai eta Mendizabal 5-1 aurreratu dira, baina Zabaleta eta Gaminde gazteek seina egitea lortu dute jarraian.
Beste takada bati esker, gorriek aurrea hartu dute berriro eta norgehiagoka ondo bideratuta zutela eman du, baina hutsak bata bestearen atzetik egin dituzte, aurkariei gauzak asko erraztuz. Hala ere, Enara Gaminde, egungo atzelaririk onena, neurketatik kanpo egon da denbora osoan eta asko sufritu du eskuetan dituen arazoen ondorioz.
Azken tantoetan oreka izan da nagusi. 19na, 20na eta 21na egin dute, eta garaipena, azkenean, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalentzat izan da. Dimoztarra eta andoaindarra dira "Plazandreak" saioko hirugarren ekitaldiko Binakako txapeldunak.
Arrillaga txapeldun, Lau T'erdikoan
Lau T'erdiko finalari dagoikionez, Miriam Arrillaga eta Miren Larrarte izan dira aurrez aurre. Aurtengo ekitaldia jokatu duten lau pilotarien artean atzelari bakarra da Arrillaga eta berak jantzi du txapela, finalean 18 eta 13 gailenduta.
Partida gogorra izan da, eta Aginagako pilotaria aurretik izan da beti markagailuan. Hala ere, Larrartek ez du inoiz amore ematen eta gaurkoan ere bukaera arte saiatu da egoerari buelta ematen. 12 eta 5etik 13 eta 10era hurbildu da Bidaniako aurrelaria, baina azkenean ez du bere asmoa gauzatu. Bukaeran, 18 eta 13, Miriam Arrillagarentzat txapela.