Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Plazandreak''

Zabaleta-Gaminde, binaka, eta Arrillaga, 4 t'erdian, "Plazandreak" saioko finalera

A. A. | EITB MEDIA

Lehendabizikoek Amaia Aldai eta Nora Mendizabal izango dituzte aurrez aurre abuztuaren 5ean jokatuko den finalean. Arrillagak, bere aldetik, Miren Larrarte izango du zain.

1:12

Goiuri Zabaleta eta Enara Gamindek osatzen duten bikoteak lortu du "Plazandreak" saioko hirugarren ekitaldiko finalera sailkatzea, binakako txapelketan. Leitzako aurrelariak eta Laukizko atzelariak 22-15 hartu dituzte mendean Leire Garai lesionatuaren ordez aritu den Madalen Etxegarai oñatiarra eta Leire Galeano antzuolarra.

Zabaleta eta Gamindek nahikoa zuten 13 tanto egitearekin finalerako txartela lortzeko; alabaina, lehiari irabazten ekin badiote ere (1-0), sufritzea egokitu zaie neurketaren lehen txanpan, urdinek buelta eman baitiote lehiari (1-5). Ondoren, lehia parekatu egin da, eta hiru berdinketa izan dira neurketan (7-7, 9-9 eta 10-10). Tarte horretan, Etxegarairen erasoko jokoa nabarmendu da, nahiz eta galdutako tantoak ere pilatu dituen gipuzkoarrak nahi baino gehiago.

Aitzitik, partidaren bigarren zatian gorriak erabat gailendu zaizkie aurkariei. Hala, hormara itsatsita joan den Goiuriren pilotakada bat erantzunik gabe geratu da urdinen partetik, eta 11-10ekoa ezarri dute markagailuan. Hortik aurrera, 18-10era arte egin dute jauzi, eta partida guztiz erabakita utzi dute. Azkenerako, 22-15eko emaitzarekin nagusitu dira.

Horrenbestez, Zabaletak eta Gamindek Amaia Aldai eta Nora Mendizabal izango dituzte aurrez aurre abuztuaren 5ean jokatuko den finalean.

Egurrola, aukerarik gabe Arrillagaren aurrean

Aizane Egurrola Miriam Arrillaga zoriontzen lehiaren amaieran. Argazkia: EITB

Aizane Egurrola Miriam Arrillaga zoriontzen lehiaren amaieran. Argazkia: EITB

Lau t'erdiko lehiaketari dagokionez, Miriam Arrillaga aginagarrak lortu du finalera sailkatzea Aizane Egurrola baino gehiago izan ostean (9-18). Arrillagari nahikoa zuen 13 tanto egitearekin; Egurrola iruindarrak, ordea, irabazi egin behar zuen, eta aurkaria 9 tantotik behera utzi, baina ez du inongo aukerarik izan, gipuzkoarra gehiago izan baita. Hala, Arrillagak Miren Larrarte izango du zain "Plazandreak" saioko finalean. Bata zein beste bi neurketa irabazita iritsiko dira txapelaren bila.