Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

“Plazandreak”, 1. jardunaldia

Aldai-Mendizabal bikotea eta Miren Larrarte garaile, "Plazandreak" saioaren lehen jardunaldian

EITB MEDIA

Amaia Aldai eta Nora Mendizabal 13 eta 22 gailendu zaizkie Olatz Arrizabalaga eta Andrea Capellani. Miren Larrartek, aldiz, Aizane Ibarrola gainditu du Lau t’erdikoan, 9 eta 18.

  • Amaia Aldai eta Nora Mendizabal

    Amaia Aldai eta Nora Mendizabal. Irudia: EITB Media.

Amaia Aldaik eta Nora Mendizabalek osatutako bikoteak eta Miren Larrartek lehen garaipenak eskuratu dituzte "Plazandreak" saioko lehen jardunaldian. Aldai eta Mendizabal 13 eta 22 nagusitu zaizkie Arrizabalaga eta Capellani binakako lehian. Lau t'erdikoan, berriz, Larrarte Ibarrolari 9-18 gailendu zaio neurketa lesionatuta amaitu duen Aizane Ibarrolari.

Binakako lehiak abiatu du jardunaldia. Aldai bizkaitarrak eta Mendizabal gipuzkoarrak ondo hasi dute partida, 0 eta 3 aurreratuta. Baina Arrizabalaga Gernikarrak eta Capellan errioxarrak ondo erreakzionatu dute eta 8 eta 4 jarri dira aurretik, 8 eta 1eko partziala eginda.

Hala ere, lau pilotariak urduri aritu dira eta kosta egin zaie Bilboko Esperantza frontoiko ezaugarrietara moldatzea. Partidaren lehen zatian atzelariek hobeto jokatu dute, eta aurrelariak, aldiz, lekua hartu ezinda ibili dira.

Zortzina eta bederatzina egin ostean, partida hautsi egin da, Amaia Aldaik estrategia aldatu duelako, pilota luzeagoak jokatuz. Horrek min handia egin die Olatz Arrizabalagari eta Andrea Capellani.

Horrela, urdinak 12 eta 19 jarri dira markagailuan, eta alde horri ondo eutsi diote norgehiagoka 13 eta 22 irabazteko.

Lau t'erdiko partida

Kaiolan, Aizane Ibarrola nafarrak eta Miren Larrarte gipuzkoarrak neurtu dituzte indarrak. Larrarte ez da pilotarekin eroso ibili, eta lehen tantoetan berdintasuna izan da nagusi.

Sei tantora berdindu ostean, Larrartek bere lekua aurkitu du eta tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi da. 9 eta 16 joan direnean, Ibarrolak keinu txarra egin du hankarekin eta min hartuta jokatu ditu partidako azken tantoak.

Azkenean, Miren Larrarte 9 eta 18 gailendu da, "Plazandreak" saioko hirugarren ekitaldiko bere lehen garaipena lortzeko.