Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Erremontari''

Ezkurra II.a-Azpiroz eta Urriza-Martirena bikoteek jokatuko dute "Erremontari" saioko finala

EITB MEDIA

Ostegunean jokatutako finalerdietan, hurrenez hurren, kanporatu egin dituzte Jabalera-Barrenetxea IV.a, bi jokotan, eta Ansa II.a-Zubiri, hiru setetan. Sagardoaren Txapelketako final handia astelehenean jokatuko dute, hilaren 24an.

1:29
Urriza eta Martirena, pozarren, finalerdia amaituta

Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek eta Javier Urrizak eta Ibai Martirenak 2024ko "Erremontari" saioko finala jokatuko dute, astelehenean, ekainaren 24an, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Bi bikoteak ostegunean sailkatu dira Sagardoaren Txapelketako finalerako; Ezkurra II.ak eta Azpirozek Aimar Jabalera eta Endika Barrenetxea kanporatu dituzte, bi jokotan,15-12 eta 15-8, eta Urrizak eta Martirenak Imanol Ansa eta Aritz Zubiri hartu dituzte mendean, hiru setetan, 15-13, 7-15 eta 8-5.

Hala, Alorreneako Ezkurra II.a-Azpiroz bikoteak garaipena eskuratu dute lehenengo finalerdian, Oialume Zarreko Jabalera-Barrenetxea IV.a bikotea aurkari. Gorriek ia hasieratik izan dute kontrolpean markagailua. Partida amaituta, Josetxo Ezkurrak adierazi du nola euren asmoa izan den kontzentrazio handiz aritzea une oro, eta gauzatu egin dute helburu hori. Gakoetako bat izan da Azpiroz oso ondo ibili dela sakean; izan ere, Lekunberrikoak, lehenengo jokoan, sei tanto egin ditu, jokaldi horren bidez. 15-12 eta 15-8koa izan da emaitza, eta bikote nafarraren nagusitasuna ondo erakusten du horrek.

Bigarren finalerdian emozio handia izan da, eta hirugarren jokoan zehaztu da zein bikotek irabaziko zuen. Partida oso gogorra izan da, eta lau erremontistek ahalegin handia egin dute. Markagailua iraulita, Aburuzako Urrizak eta Martirenak aurreneko jokoa eskuratu dute, baina bigarrenean, ordea, Bereziartuako Ansa II.a eta Zubiri argi nagusitu dira. Iruñeko aurrelariak eta atzelari lekunberriarra hobeto ibili dira set erabakigarrian, eta finalerako txartela eskuratu dute.

Martirenak eta Urrizak ahalegin handia eginda irabazi dute. Argazkia: EITB Media.

Martirenak eta Urrizak ahalegin handia eginda irabazi dute. Argazkia: EITB Media.