Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Erremontari''

Urriza-Martirena vs Ansa-Zubiri, eta Ezkurra-Azpiroz vs Jabalera-Barrenetxea, finalerdiak Erremontarin

EITB MEDIA

Ez dago baieztatuta, baina, Julen Loitegi titularrak finalaurrekoa jokatuko duen, Endika Barrenetxearekin batera; izan ere, lesionatuta ibili da azken bi jardunaldietan. Sagardoaren Txapelketako ligaxkako azken jardunaldian, Ezkurra-Azpiroz, Jabalera-Barrenetxea eta Urriza-Martirena nagusitu dira.

1:04

2024ko denboraldiko "Erremontari" saioak, Sagardoaren Txapelketak, zehaztuta du zeintzuk izango diren ekainaren 20an, hurrengo ostegunean, jokatuko dituzten bi finalerdiak: Javier Urriza eta Ibai Martirena Imanol Ansaren eta Aritz Zubiriren aurka arituko dira, eta Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek Aimar Jabalera edo Julen Loitegi eta Endika Barrenetxea izango dituzte aurkari, finalerako txartelaren bila, ostegunean erabakita gelditu denez.

"Erremontari" saioko final-laurdenetako ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldian argitu da guztia, Galarreta pilotalekuan, Hernanin. Kantxan, Ezkurra II.ak eta Azpirozek Segurola eta Larrañaga menderatu dituzte, hiru jokotan (14-15, 15-8 eta 8-3); Jabalerak eta Barrenetxeak Aldabe eta Juanenea hartu dituzte mendean, bi setetan (15-12 eta 15-13), eta Urrizak eta Martirena Ansa II.a eta Zubiri gainditu dituzte, bi jokotan (15-7 eta 15-14).

Jaialdiko lehen partidan, Bereziartuako Ansa II.a eta Zubiri eta Aburuzako Urriza eta Martirena aritu dira nor baino nor gehiago. Bi bikoteek bermatuta zuten finalerdietarako txartela, baina neurketak balio izan du berresteko Urrizak eta Martirenak ligaxkako aurreneko postuan amaitu dutela final-laurdenetako fasea; hain zuzen ere, Iruñeko aurrelaria eta Lekunberriko atzelaria 15-7 eta 15-14 nagusitu dira.

Bigarren partidan, Petritegiko Segurolak eta Larrañagak Sagardoaren Txapelketan jarraitzeko zeuzkaten aukerak jarri dituzte jokoan Alorreneako Ezkurra II.aren eta Azpirozen aurka. Bikote gipuzkoarrak, baina, Jabalerak eta Barrenetxea IV.ak hirugarren norgehiagokan galtzea behar zuen; ahalegindu dira Segurola eta Larrañaga, eta aurreneko jokoa irabazi dute, 15-14, emaitza iraulita, baina azkenean Ezkurra eta Azpiroz gailendu dira, eta gorriak txapelketatik at gelditu dira. Nafarrak 15-8 nagusitu dira bigarren setean, eta gehiago izan dira hirugarrenean, 8-3 irabazita.

Azpiroz eta Ezkurra bigarren postuan sailkatu dira. Argazkia: EITB Media.

Azpiroz eta Ezkurra bigarren postuan sailkatu dira. Argazkia: EITB Media.

Galarreta pilotalekuan hirugarren jardunaldian jokatu duten hirugarren partida hasi aurretik, hortaz, bi bikote protagonistek jakin bazekiten finalaurrekoan izango ziren ala ez. Oialume Zarreko Jabalerak (Julen Loitegiren ordezkoa beste behin) eta Barrenetxeak bermatuta zuten finalerdian jokatzeko txartela, eta Gurutzetako Aldabek eta Juaneneak, ordea, ez zuten aukerarik aurrera egiteko. Hori bai, zehaztu gabe zegoen ligaxkako zein postutatik iritsiko ziren finalaren atarikora Jabalera eta Barrenetxea, eta, horrenbestez, zeintzuk izango ziren datorren osteguneko norgehiagokak. Doneztebeko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria bi jokotan nagusitu dira, 15-12 eta 15-13, eta hirugarren tokian amaitu dute ligaxka. Lau puntistek partida polita jokatu dute, jokoak erritmoa izan du, eta markagailuan nahiko parean ibili dira.