Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Erremontari''

Urrizak eta Martirenak eta Ansa II.ak eta Zubirik garaipena lortu dute, "Erremontari" saioan

EITB MEDIA

Urrizak eta Martirenak bi jokotan menderatu dituzte Loitegi eta Barrenetxea IV.a, eta Ansa II.ak eta Zubirik, aldiz, hiru setetan hartu dituzte mendean Segurola eta Larrañaga. Beñat Segurola eta Iban Larrañaga, bi partidatan bost puntu eskuratuta, sailkapeneko lehen postuan daude.

  • Urriza eta Martirena, pozik, garaipena eskuratuta. Argazkia: EITB Media.

    Urriza eta Martirena, pozik, garaipena eskuratuta. Argazkia: EITB Media.

Javier Urrizak eta Ibai Martirenak Julen Loitegi eta Endika Barrenetxea menderatu dituzte, bi setetan (15-11eta 15-7), eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik osatzen duen bikoteak Beñat Segurola eta Iban Larrañaga hartu ditu mendean, hiru jokotan (7-15, 15-9 eta 8-6), ostegunean, Galarreta pilotalekuan, Hernanin, 2024ko Sagardoaren Txapelketan, EITBko "Erremontari" saioaren barnean. Bi jardunaldi eginda, Segurola eta Larrañaga daude sailkapeneko lehenengo postuan, bost puntu dituztela, Urrizarekin eta Martirenarekin berdinduta.

Hala, bigarren jardunaldiko lehenengo partidan, Ansa II eta Zubiri Bereziartuako ordezkariek aurreneko aldiz irabazi dute aurtengo Sagardoaren Txapelketan; 2-1 gailendu zaizkio Petritegi ordezkatzen duten Segurolak eta Larrañagak osatutako bikoteari. Gorriek galdu egin dute lehenengo jokoa, 7-15, baina markagailua irauli egin dute; bigarren setean, 15-9 nagusitu dira, eta hirugarren jokoan, ordea, 8-6. Beñat Segurolak eta Iban Larrañagak, lehen jardunaldian garaipena eskuratuta, bolada onari eutsi nahi zioten, baina Imanol Ansak eta Aritz Zubirik, azkenean, hiru puntu poltsikoratu dituzte. Urdinek, ostegunean lortutakoa zenbatuta, bost dituzte, dagoeneko.

Ansa eta Zubiri, norgehiagoka bukatuta. Argazkia: EITB Media.

Ansa eta Zubiri, norgehiagoka bukatuta. Argazkia: EITB Media.

Eguneko bigarren norgehiagokan, Galarretako zaleek ikusi dute nola Urriza eta Martirena Aburuzako ordezkariek Loitegi eta Barrenetxea IV.a Oialume Zarrekoak hartu dituzten mendean. Garaipen argia eskuratu dute gorriek, bi jokotan; lehenengoan, bi nafarrak 15-11 gailendu dira, eta bigarrenean aldea handiagoa ere izan da, 15-7koarekin bukatuko baita. Horrenbestez, bi neurketa jokatuta, Urrizak eta Martirenak bost puntu dituzte, eta Loitegik eta Barrenetxeak, Sagardoaren Txapelketan partida bakarra jokatu ostean, ez dute, oraingoz, punturik.