Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Ostegunean abiatuko da 2024ko "Erremontari" saioa

EITB MEDIA

Sei bikotek parte hartuko dute, eta aurrekoetan ez bezala, bikote bakoitzak kapitain bat izango du. Ligaxka eta finalerdiak ostegunetan jokatuko dira, eta finala, berriz, ekainaren 24an, astelehena. Partida guztiak ETBk eta eitb.eus-ek emango dituzte.

6:39
Erremontari 2024

Astelehen arratsalde honetan Sagardoaren Txapelketaren barruan garatzen den "Erremontari" programaren laugarren edizioa aurkeztu dute. Lehiaketa ostegun honetan, maiatzaren 2an, hasiko da Hernaniko Galarretan, Urriza-Martirena eta Ezkurra-Azpiroz bikoteen arteko norgehiagokarekin. Neurketa hau, gainerako partidak bezala, ETB1en eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango da.

Aurtengo ekitaldiak hainbat berritasun dakartza berekin, besteak beste, neurketak ostegunean jokatuko dira, bikote bakoitzak kapitain bat izango du, aurreko edizioetako entrenatzaileen ordez, eta jokalari guztiek pulsometroak eramango dituzte. Aritz Artadill, Iñaki Lekuona, Egoitz Carrion, Igor Arruti, Axier Arteaga eta Patri Espinar arituko dira kapitain lanetan.

Horrez gain, oraingoan erremontariek 30 segundoko muga izango dute sakea egiteko, eta balizko enpatea desegiteko hirugarren seta egotekotan, hura 8 tantora jokatuko litzateke, 5 tantora egin beharrean. Bestalde, eta aurreko edizioei jarraituta, bikote bakoitzak sagardotegi baten izena hartuko du (Aburuza, Oialume Zar, Gurutzeta, Petritegi, Bereziartua eta Alorrenea).

ABURUZA

Kapitaina: Aritz Altadill

Erremontariak: Javi Urriza eta Ibai Martirena

 

OIALUME ZAR

Kapitaina: Iñaki Lekuona

Erremontariak: Julen Loitegi eta Endika Barrenetxea (Barrenetxea IV.a)

 

GURUTZETA

Kapitaina: Egoitz Carrion

Erremontariak: Kemen Aldabe eta Aritz Juanenea

 

PETRITEGI

Kapitaina: Igor Arruti

Erremontariak: Beñat Segurola eta Iban Larrañaga

 

BEREZIARTUA

Kapitaina: Axier Arteaga

Erremontariak: Imanol Ansa (Ansa II.a) eta Aritz Zubiri

 

ALORRENEA

Kapitaina: Patri Espinar

Erremontariak: Josetxo Ezkurra (Ezkurra II.a) eta Xabier Azpiroz.

Hasierako ligaxka

Lehiaketaren lehen fasean, 7 jardunaldiko ligaxka jokatuko da sei bikoteen artean, denek denen aurka. Partidak maiatzaren 2, 9, 16, 23 eta 30ean eta ekainaren 6 eta 13an jokatuko dira, ostegunez guztiak.

Partidak set formatuan jokatuko dira. Hasieran 15 tantuko bi set jokatuko dituzte, eta bikote bakoitzak set bana irabazi ezkero, hirugarrengo set bat jokatuko da 8 tantora, partidaren irabazlea zein den erabakitzeko.

Ligaxkako puntuazio sistemari dagokionez. aurreko edizioko bera izango da:

- Lehenengo bi setak irabazita (2-0): 4 puntu

- Lehen setetako bat eta hirugarrena irabazita (2-1): 3 puntu

- Lehen bi setetatik bat irabazita (1-2): 1 puntu

- Lehen bi setak galduta (0-2): 0 puntu

- Lehen bi setak jokatuta, guztira 15 tanto egiten ez dituenak (0-2): -1 puntu

 

Finalaurreak eta finala

Lehen fasea amaituta, sailkapeneko lehen lau postuetan geratu diren bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte. Bi finalaurrekoak partida bakarrera jokatuko dira, biak ekainaren 20an.

1. FINALAURREA: Ligaxkako lehenengo bikotea laugarrenaren aurka.

2. FINALAURREA: Ligaxkako bigarren bikotea hirugarrenaren aurka.

 

Finala, ekainaren 24an, astelehena, jokatuko da.