Pilota
GASTEIZKO JAIAK
Ezkurdiak eta Zabaletak txapela defendatuko dute Andre Maria Zuriaren Pilota Txapelketan
EITB MEDIA
Txapelketaren lehen finalerdia abuztuaren 4an izango da; bigarrena, hilaren 6an, eta finala bi egun geroago, abuztuaren 8an.
-
Andre Maria Zuriaren Pilota Txapelketaren aurkezpena
Ezkurdiak eta Zabaletak txapela defendatuko dute Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko den Andre Maria Zuriaren Pilota Txapelketan, hiriko jaiek dirauten bitartean. Txapelketa abuztuaren 4an abiatuko da lehen finalerdiarekin; bigarrena hilaren 6an jokatuko dute, eta finala bi egun geroago izango da, abuztuaren 8an. Peña II-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena II, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Martija bikoteak arituko dira.
Lehen finalaurrekoa abuztuaren 4an izango da. Jaialdia 21:15ean hasiko da, Jaka-Morgaetxebarria eta Alberdi II-Imaz bikoteekin, eta partida nagusia Peña II-Albisu eta Larrazabal-Mariezkurrena II bikoteek jokatuko dute. Ondoren, Agirre-Ugartemendia eta Zubizarreta III-Elizegi bikoteek itxiko dute jaialdia.
Bigarren finalerdia abuztuaren 6an izango da, eta partidak 17:00etan hasiko dira. Elezkano II-Eskuza eta Dario-Tolosa arituko dira lehenik, eta ondoren, Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III-Martija bikoteek jokatuko dute finalaurrekoa. Eguna amaitzeko, Egiguren V-Erostarbe eta Exposito-Arbizu bikoteek jardungo dute.
Bi kanporaketetako bikote irabazleek abuztuaren 8ko finala jokatuko dute. Azken eguneko partidak 17:15ean hasiko dira, Elezkano II-Eskuza eta Artola-Iztueta bikoteen arteko norgehiagokarekin, eta, finalaren ondoren, Bakaikoa-Salaverri II eta Salaberria-Erostarbe arituko dira elkarren aurka.