Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Erremontari''

Lau bikote, nor baino nor gehiago, Sagardoaren Txapelketako finalean sartzeko lehian

EITB MEDIA

Urriza-Martirena eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a, batetik, eta Segurola-Juanenea eta Ezkurra II.a-Zubiri, bestetik, arituko dira gaur, bi finalerdietan.

0:19
Bi finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak

Sagardoaren Txapelketako ligaxkako zazpigarren eta azken jardunaldiak erabakita utzi ditu bi finalerdietako protagonistak zeintzuk izango diren: Urriza-Martirena eta Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a bikoteek jokatuko dute lehen finalerdia, eta bigarrenean, berriz, Segurola-Juanenea eta Ezkurra II.a-Zubiri izango dira aurrez aurre. Jokoan, ekainaren 12ko final handia jokatzeko aukera.

Bost bikote iritsi dira finalerdietan sartzeko aukerekin, aurreko astean, Ansa II.a eta Zaldua I.a aukerarik gabe geratu ostean. Hala ere, aukerarik izan arren, aste honetan zeresana eman dute, atariko partidan, Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a bikote indartsua mendean hartu baititute bi setetan (10-15, 11-15). Galtzaile atera arren, Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a finalerdietan daude, aurreko jardunaldietan 10 puntu pilatu zituztelako.

7. jardunaldiko bigarren partidan, berriz, Segurola eta Juanenea (urdinez) hiru jokotan gailendu zaizkie Ezkurra II.ari eta Zubiriri (gorriz). Lehen jokoa oso lehiatua izan da, gorriak denbora guztian markagailuan aurretik joan diren arren. Josetxo Ezkurra eta Aritz Zubiri 3-0 aurreratu dira, tanto azkar eta laburrak jokatuta; Beñat Segurolari eta Aritz Juaneneari kosta egin zaie partidan sartzea.

Egoera aprobetxatuta, zazpi tantoko aldea zabaltzea lortu dute gorriek (10-3). Hori ikusita, urdinak hortzak estutzeko momentua zela konturatu dira, eta bi tantora hurbildu dira (12-10), baina erreakzioak ez du jarraipenik izan, eta ondorengo bost tantoak gorrien aldera jausi dira (15-10). Joko garrantzitsua poltsikoratu dute Ezkurra II.ak eta Zubirik, horri esker jardunaldi honetan puntu bat lortzea ziurtatu dutelako eta horrekin finalerdietan direlako.

Bigarren setean, urdinak erasokorrago aritu dira, setak partidari eta finalaurrekorako sailkapenari begira zuen garrantziaz jakitun. Hasieran, oreka izan da nagusi, eta 5-5 eta 6-6 ere egin dute. Ondoren, aldea urdinen aldekoa izan da denbora guztian. Ezkurrak partida oso ona egin du, aurkariak pilotakada indartsuekin zigortuz, eta, horrela, gorriak 12-13 hurbildu dira markagailuan. Hala ere, seta urdinek eskuratu dute azkenean (12-15).

Hirugarren eta azken jokoan, emozioak azken tantora arte iraun du. 4-4 jarri dira markagailuan, eta azkenean urdinak gailendu dira, 4-5. Horri esker, Segurola eta Juanenea, Ezkurra II.a eta Zubiri bezala, finalerdietan izango dira.

Urriza eta Martirena ere, finalerdietara

Bigarren partidan, Urriza-Martirena (gorriz) eta Aldabe-Azpiroz (urdinez) bikoteak presio bereziarekin atera dira Galarretako kantxara; izan ere, bazekiten irabazleek bakarrik lortuko zutela finalerdietarako txartela, beste hiru txartelek jabeak zituztelako ordurako.

Urdinek estrategia argia baliatu dute, Martirena atzean zigortzea, eta horretan saiatu dira hasieratik. Lehen tantoetan, nagusi izan dira, eta gauzak eurek espero bezala atera zaizkie, baina Urrizak eta Martirenak egora irauli dute: 9-9koa jarri dute markagailuan, eta, ondoren, 6-2ko partzialari esker, 15-11 irabazi dute jokoa.

Bigarrenean, lehia sutsua izan da Galarretako kantxan. Sei berdinketa izan dira, azkena, 9 tantora. Ondoren, 6-2ko partzialaz baliatuta, gorriek garaipena lortu dute, partida 2-0 irabaziz. Horri esker, 12 punturekin jarri dira sailkapenaren buruan, eta Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a izango dituzte aurkari finalerdietan.

 FINALERDIETAKO PARTIDAK:

URRIZA-MARTIRENA vs GOIKOETXEA V-BARRENETXEA IV

SEGUROLA-JUANENEA vs EZKURRA II-ZUBIRI