Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

''Erremontari''

Segurola-Juanenea eta Ezkurra-Zubiri bikoteek euren lehen garaipenak lortu dituzte “Erremontari” saioan

EITB Media

Segurolak eta Juaneneak sufrituta irabazi dute 3. jardunaldiko lehen neurketa, aldapan gora zuten partida iraulita (1-2). Ezkurrak eta Zubirik, aldiz, gauzak errazago izan dituzte bigarrenean, eta bi setetan nagusitu dira.

1:25
Erremontari

Segurola-Juanenea eta Ezkurra-Zubiri bikoteek euren lehenengo garaipenak lortu dituzte "Erremontari" txapelketan, hirugarren jardunaldiko partidak irabazita.

Lehenengo neurketan, Urriza eta Martirena izan dira Segurola eta Juanenearen aurkariak, minutuak igaro ahala hobetzen joan den partidan.

Lehen setean, jaun eta jabe izan da bikote gorria, eta lehen tantoetatik jarri dira aurretik, markagailuan zuloa eginez. Horrela, aldeari eutsi dio, erraz eta eroso jokatuz, Martirenak sakearekin egindako lan bikainari esker.

Minutu gutxi batzuetan, 11-4 eta 14-5 aurreratu dira, seta 15-6ko emaitzarekin irabazteko.

Gauzak goitik behera aldatu dira bigarren setean. Urdinek aurreapausoa eman dute, eta 12-15 gailendu dira azkenean, neurketa berdintzeko.

Hirugarren eta azken setean, 5 tantora jokatutakoa, emozioa eta ezustekoa izan dira nagusia. Gorriak 4-1 aurreratu dira, eta dena alde zuten arren, urdinek ez dute amore eman, 4-4 berdindu dute markagailua, eta, partidako azken tantoan, eurek eraman dute seta eta partida (4-5).

Ezkurra eta Zubiriren garaipena

Txapelketako lehen garaipena lortu dute Ezkurrak eta Zubirik ere, Aldabe-Azpiroz bikotea bi setetan mendean hartuta, hirugarren jardunaldiko bigarren norgehiagokan. Garaipen argia izan da, baina ondo landutakoa.

Lehen seta 9-15 irabazi dute, hasieran gauzak oso parekatuak izan diren arren (3-3, 5-5). Hala ere, tantoek aurrera egin ahala, aurkariak baino gehiago izan dira. Ondorioz, 6-10 eta 8-12 aurreratu ostean, seta nahiko erraz bereganatu dute.

Bigarren setean, gauzek ildo beretik jo dute, eta urdinak nagusi izan dira markagailuan, baina alde handirik lortu gabe. Azkenean, 12-15 nagusitu dira.

Garaipen honi esker, Ezkurra eta Zubiri bikoteak 4 puntu poltsikoratu ditu, eta bigarren dira orain sailkapenean, 5 punturekin. Aldabe eta Azpiroz, aldiz, bosgarren dira, jokatutako bi jardunaldietan 3 puntu lortuta.