Pilota
26 URTEREKIN
Iker Irribarriak pilota profesionala utziko du
A. A. | EITB MEDIA
Bi aldiz Buruz Buruko txapeldun izandakoak agerraldia egingo du hedabideen aurrean asteazken honetan bere erabakiaren berri emateko.
-
Iker Irribarria
ETBk jakin ahal izan duenez, Iker Irribarria aurrelariak pilota profesionala uztea erabaki du. Aramako pilotariak bihar, otsailak 22, agerraldia egingo du hedabideen aurrean, Aspe enpresak deitutako prentsaurreko batean, bere erabakiaren nondik norakoak azaltzeko. eitb.eus-ek zuzenean emango du prentsaurrekoa streaming bidez.
Aspe enpresako 26 urteko pilotaria Binakako Txapelketan parte hartzen ari zen, ordezko gisa izan arren. Bi partida jokatu ditu Elordiren eta Peio Etxeberriaren tokiak hartuta, eta beste horrenbeste garaipen lortuta. Lehendabiziko partida, 9. jardunaldian jokatu zuen, Zabaletarekin batera, eta Ezkurdia-Martija bikotea garaitu zuten (22-11). Bigarren agerraldia joan zen asteburuan izan zen, lehiaketako 13. jardunaldian; orduko hartan, Rezusta izan zuen atzelari lanetan, eta Lasok eta Eskirozek osatutako bikoteari irabazi zioten (22-17).
Irribarriak Buruz Buruko bi txapel ditu, biak Mikel Urrutikoetxearen aurka lortuak. Bere lehen finala 2016koa izan zen, eta bertan 22-16 gainditu zuen Zaratamoko aurrelaria. Urtebete geroago finalera itzuli zen, baina orduan galtzea egokitu zitzaion Oinatz Bengoetxearen aurrean (22-18). 2019ra arte itxaron behar izan zuen banakako bigarren txapelketa lortzeko, berriz ere Urrutikoetxearen kontra, oso lehia gogorrean (22-20).
Horrez gain, Binakako Txapelketako txapeldun ere izan zen 2017an, Beñat Rezustarekin batera. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunbe hartu zituzten mendean (22-14) pilotari gipuzkoarrek.