Pilota
Pala
Maldonado eta Perez, Kutxabank Ligako irabazleak
EITB Media
Maldonado-Perez bikoteak mendean hartu ditu Necol eta Del Rio Bizkaia Frontoian jokatu den final handian. Txapeldunak 2-3ko emaitzarekin nagusitu dira.
-
Maldonado eta Perez, Kutxabank Ligako txapeldunak. Argazkia: EITB Media
Ibai Perez eta Roman Maldonado dira Palako Kutxabank Ligako Binakako Txapelketako irabazleak, finalean Asier Del Rio eta Dan Necol mendean hartuta, 2-3ko emaitzarekin.
Finaleko lehen jokoan nagusi izan dira Maldonado eta Perez hasieratik amaieraraino eta 1-0ekoa eskuratu dute (4-10). Bigarrenean jaun eta jabe izan da Maldonado-Perez bikotea; ondorioz, 0 eta 2 jarri dira (2-10).
Maldan gora jarri zaie finala Necoli eta Del Riori, baina ez dute etsi, eta hirugarren joko parekatuan garaile (1-2) izan dira (10-8).
Ibai Perezek pala apurtu du hirugarren jokoan. Pala aldaketak eragina izan du hirugarren setaren amaieran, baita laugarrenaren hasieran ere. Laugarren jokoaren hasieran gehiago izan dira Necol eta Del Rio; horretaz baliatu da gorriz jantzita joan den bikotea, jokoa irabazteko (10-3) eta finala berdintzeko (2-2).
Beraz, neurketa bosgarren eta azken jokoan erabaki da. Maldonadok eta Perezek ahaztu egin dituzte aurreko bi jokoetan jasotako kolpeak, aurkariek baino askoz hobeto jokatu dute, eta 1-10eko emaitzari esker txapela jantzi dute (2-3).
Hirugarren eta laugarren posturako lehia
Ibarguren eta Urrutia bikoteak amaitu du txapelketa hirugarren postuan, finalaren aurretik jokatu duten Fustoren eta Gordonen kontrako partida irabazita (5-10, 10-7, 5-10 eta 8-10).
Lehen jokoa Ibarguren-Urrutia bikoteak bereganatu du (5-10); bigarrenean, ordea, Fusto eta Gordon nagusitu dira (10-7). Hirugarren jokoa Ibargurenek eta Urrutiak irabazi dute (5-10). Azkenik, lehia laugarren jokoan erabaki da Ibarguren-Urrutia bikotea nagusi izan baita (8-10).
Horrenbestez, Fustok eta Gordonek laugarren postuan bukatu dute Kutxabank Liga.