Pilota
AGURRA
Mikel Larunbek azaroaren 26an jokatuko du bere azken partida Baikorekin
EITB Media
Galdakaoko pilotariak ez du Baiko Pilota enpresan jarraituko, eta bere herriko Kurtzea frontoian izango du zaleei agur esateko aukera azaroko azken larunbatean.
-
Mikel Larunbe pilota jokatzen. Argazkia: Baiko Pilota
Mikel Larunbek ez du Baiko Pilotan jarraituko eta azaroaren 26an jokatuko du bere azken partida Bizkaiko enpresarekin jaioterria duen Galdakaoko Kurtzea frontoian.
Atzelariak 350 partida jokatuta ditu bere kirol ibilbidean. 2013ko urtarrilaren 5ean egin zuen debuta Asier Olaizolarekin bikotea osatuta Ekaitz Saralegiren eta Alexis Apraizen kontra Bilboko Bizkaia frontoian.
Hala ere, profesional mailan hamar urte eman ondoren, Larunbek Galdakaon izango du agur esateko aukera.
Bizkaitarra birritan izan da txapeldunorde Promozioko Binakakoan (2015 eta 2016), eta behin, 2017an, Binakako Txapelketa nagusian.
2021-2022 denboraldian 41 partida jokatu ditu guztira, eta 24 garaipen lortu ditu.
Baikok erabaki du Mikel Larunberen kontratua ez berritzea, baina urte hauetan guztietan izan duen profesionaltasuna eskertu, eta onena opatu dio etorkizunerako.