Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Lau t'erdikoa

Ezkurdia eta Altuna III.a lehiatuko dira finalean 2022ko txapela lortzeko

I. G. | EITB MEDIA

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak Lau t'erdiko txapelketako finala jokatuko dute azaroaren 20an, Bizkaia frontoian, 2022ko txapelduna nor den erabakitzeko.

  • Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia

    Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia. EITB Mediaren artxiboko irudia.

Jokin Altunak Lau t'erdiko txapelketako finala jokatuko du igande honetan Aitor Elordi 22-7 garaitu ondoren. Amezketako pilotariak bere nagusitasuna erakutsi du frontoian ezustekoa emanez finalerdietara sailkatu zen pilotariaren aurka. Elordi tantoak gehitzen saiatu da, bereziki, partida hasieran, baina berak egindako akatsek eta Altunaren joko ikusgarriak garaipena lortzeko inongo aukerarik gabe utzi dute.

Altuna III.a final-laurdenetako ligaxkako A multzoko bigarren postuan kokatuta iritsi da finalerdietara. Gainera, bere multzoan hiru partida jokatu zituen pilotari bakarra izan zen. Lehenengo partidan garaipena lortu zuen Peña II.aren aurka (22-16). Hala ere, tolosarrak min hartu zuen, eta txapelketa jokatzeari utzi behar izan zion. Ondorioz, partida sailkapenerako baliorik gabe geratu zen.

Hori nahikoa ez, eta hurrengo partidan porrota jasan zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-15). Hala, ezinbestean irabazi behar zuen geratzen zitzaion norgehiagoka finalean egon nahi izanez gero. Eta hori egin zuen. Dario hiru tantotan utzi zuen (22-3), txapelketan duen esperientzia erakutsiz.

Hark baino lehen, Joseba Ezkurdiak lortu zuen txapelketako finala jokatzeko lehen txartela larunbatean, Peio Etxeberriari 22-14 irabazita. Finalerdi parekatua jokatu zuten Aspeko bi pilotariek, baina Arbizukoak aurretik jartzea lortu zuen, eta Etxeberria ez zen gai izan markagailua iraultzeko.

Ezkurdia final-laurdenetako ligaxkako B multzoko bigarren postua eskuratuz sailkatu zen finalerdietara. Bertan, hiru partida jokatu zituen eta, lehen partida Elordiren aurka galdu ondoren (22-17), beste biak irabaztera behartuta zegoen finala jokatu ahal izateko.

Helburu horrekin lortu zuen lehen garaipena Elezkanoren aurka erakustaldia emanda (22-12), eta antzeko emaitzarekin nagusitu zen Lasoren aurka ere (22-11), txapelketako faboritoetako bat menderatuta.

Gauzak horrela, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak Lau t'erdiko txapelketako finala jokatuko dute azaroaren 20an, Bizkaia frontoian, 2022ko txapelduna nor den erabakitzeko.