Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

ERRETIROA

Aretxabaletak pilotan jokatzeari utziko dio, lesio batek behartuta

A. A. | EITB MEDIA

Atzelari bizkaitarrak hautsita dauka duela hiru urte ezker eskuko hatz batean jarri zioten inplantea, eta, ondorioz, ebakuntza egin beharko diote.

5:51
Andoni Aretxabaleta

Andoni Aretxabeleta atzelariak pilota profesionalean jokatzeari utzi diola iragarri du ostegun honetan, lesio larri baten poderioz. Hala eman du jakitera Baiko Pilota enpresak argitaratutako bi bideoren bidez.

Bideoekin batera, Baikok ohar bat ere argitaratu du. Bertan adierazten duenez, duela gutxi, Markina-Xemeingo pilotariak kolpe txar bat jaso zuen ezker eskuko laugarren atzamarrean, entrenatzen ari zela. Kolpe horren eraginez, Aretxabaletari hautsi egin zaio duela hiru urte atzamarrean jarritako inplantea, eta ebakuntza egin beharko diote, "artikulazio interfalangiko distaleko artrodesia berriro egiteko", zehazten du aipatu oharrak.

Horrenbestez, aipatutako lesioak eta Baikorekin egun duen kirol kontratua amaitzera zela ikusirik, pilota uztea erabaki du atzelari markinarrak.

Aretxabaletak 18 urterekin egin zuen debuta 2011ko uztailaren 11n Pilotaren Unibertsitatean eta ordutik 396 partida jokatu ditu, eta 2014an Binakako Txapelketako finala jokatu zuen Aimar Olaizolarekin batera.

Amaitzeko, Baikok bere oharrean aipatzen du "pilotariak agur esateko aukera" izango duela urriaren 22an Bizkaia Frontoian, bere lagun, familia eta lagunez inguratuta.