Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

HIRU URTEZ

Bakaikoak berritu egin du Baikorekin zuen kontratua

A. A. | EITB MEDIA

Pilotari nafarrak Bilboko enpresarekin batera jarraituko du hurrengo hiru urteetan.

  • Joanes Bakaikoa

    Joanes Bakaikoa. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia

Joanes Bakaikoak hiru urtez luzatu du Baiko Pilotarekin zuen kontratua, enpresak berak astearte honetan jakinarazi duenez.

Promozioko Lau t'erdiko Txapelketako txapeldunak (22-10 menderatu zuen Iraitz Zubizarreta finalean) Binakako Promozio Txapelketan ari da parte hartzen orain, eta ostiralean finalerdiko partida jokatuko du Elizegirekin batera Victorren eta Gaskueren aurka.

Etxarri Aranazko pilotariak duela bost urte baino gehiago egin zuen debuta Iruñeko Labrit pilotalekuan, Bigarren Mailako Binakako Txapelketan aurrelari gisa, Galartza VII.arekin bikotea osatuz

Egungo Promozioko Lau t'erdiko Txapelketako txapelduna izateaz gain, 24 urteko aurrelariak beste bi txapel ere baditu maila horretan: 2018ko Buruz Buruko Txapelketakoa eta Lau t'erdiko Txapelketakoa. Lehenengoa Erasun 22-17 menderatuta lortu zuen; bigarrena, berriz, Peña II.a 22-16 garaituta. Halaber, txapeldunorde geratu zen 2017ko Buruz Buruko Txapelketan, Arteaga II.aren aurka 22-18 galduta.