Pilota
Oharra
Baikoko pilotariek "aho batez" erabaki dute grebarekin aurrera egitea
Erredakzioa
azken unean greba deialdia bertan behera uztea erabakitzen ez bada, atzeratu egingo da Binakako Txapelktako finalerdietako Agirre-Albisu vs. Ezkurdia-Martija norgehiagoka.
-
Pilota. Argazkia: EiTB
Baiko enpresako pilotariek "aho batez" erabaki dute grebarekin aurrera egitea ostegun honetan Bilbon egin duten bileran. Ondorioz, greba egingo dute hamabi egunez urrian, eta lehen greba eguna urriaren 9a (ostirala) izango da.
"Asteazkenean Baikorekin izan genuen batzarrean Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiaren jarrera eta ostegun honetan egin dituen adierazpen publikoak onartezinak dira", adierazten du pilotariek plazaratutako oharrak.
Pilotarien ustez, Baikok ez du kontuan hartu euren aldarrikapenetako bat ere: "Baikok ez du lan gatazka honi konponbiderik bilatzeko jarrerarik azaldu, ezta akordiora iristekorik ere. Gainera, guk planteatutako aldarrikapen bakar bat ere ez du kontuan hartu. Gainera, Baiko Kirola enpresak ukatu egin digu eskatutako informazio ekonomikoa, eta datozen egunetan ELA sindikatuak juridikoki aztertuko ditu Bainet Taldearen eta Baiko Kirolaren arteko merkatal harremanak eta haien inguruan har daitezken ekintza legalak".
Hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea duela adierazi zuen Baikok asteazkeneko bileraren ostean, komunikatu baten bidez. Oharrak zioenez, enpresa prest legoke lan harremanetan ikuspuntu kolektiboagoarekin aurrera egiteko, baita pilotariek eskatutako zenbait puntu berrikusteko.
Iragan astean, Baiko enpresan dauden 22 pilotarietako 15ek babestuta, kirolariek greba egunak urriaren 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26an egingo dituztela jakinarazi zuten.
Ondorioz, azken unean greba deialdia bertan behera uztea erabakitzen ez bada, atzeratu egingo da larunbat honetan jokatu beharreko Asier Agirre - Jon Ander Albisu eta Joseba Ezkurdia - Julen Martija bikoteen arteko Binakako Txapelketako finalerdietako azken jardunaldiko partida.