Pilota
Tirabira
Aspeko pilotariak, "oso kezkatuta" Baikon gertatzen ari denarekin
EITB.EUS
Ohar bat plazaratu dute pilotaren munduak azkenaldian bizi duen egoeraz euren iritzia agertzeko.
Aspe enpresako pilotariek ohar bat plazaratu dute astelehen honetan, pilotaren munduan eta, bereziki, Baiko Pilota enpresan azkenaldian duten egoeraz hausnarketa egiteko (lau pilotarik ez dute Baikon jarraituko ez dutelako kontratua berritu).
Aipatu oharrean jaso dutenez, Aspeko kirolariak "oso kezkatuta" daude egunotan jazotzen ari diren gertakariekin eta "injustizia egoerekin". Hartara, egoera konpontzeko "bidezko irtenbidea" eskatu dute, "harrotasunak alde batera utziz"; izan ere, euren aburuz, "lotsagarria" da emandako irudia.
Aitzakiatzat jo dute koronabirusaren pandemia erabiltzea arazoen iturri gisa, eta gogorarazi dute euren enpresan "akordio batetara heltzeko" gai izan zirela.
Horrez gain, beldur dira egoera horrek ez ote duen "pikutara" bidaliko "pilota indartzeko egin diren pauso guztiak".
Azkenik, euren elkartasuna adierazi diete Baikon jarraituko ez duten lau pilotariei: Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Unai Laso eta Jon Mariezkurrena.