Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Oharra

Baikoko pilotariak, mobilizazioak egiteko prest enpresak jarrera aldatzen ez badu

Erredakzioa

Pilotari gehienek sinatutako ohar bat plazaratu dute Tolosan, eta Baikori jarrera aldatzeko eskatu diote. Ez daude ados azken asteetan hartu diren erabakiekin.

2:03
Albisu

Baikoko pilotari gehienak Tolosan bildu dira astearte honetan, enpresari jarrera aldaketa eskatzen dion dokumentu bat sinatzeko. Gainera, mobilizazioak iragarri dituzte enpresak jarrera aldatzen ez badu. Ez daude ados Baikok azken asteetan hartu dituen erabakiekin.

Dokumentua Baiko enpresako pilotari gehienek sinatu dute, baina Aimar Olaizola, Ander Imaz, Mikel Urrutikoetxea eta Mikel Larunbe pilotarien sinadura ez da azaltzen.

Enpresari eskatzen dizkioten gauzen artean, azken asteetan hartutako erabakiak birplanteatzeko eskaera dago. Haserre daude, besteak beste, Victorren eta Eskirozen kontratuak ez berritzeagatik. Erabakiak egoera ekonomikoak behartuta hartu direla argudiatzen du enpresak, baina pilotarien ustez, argudio horiek ez dira nahikoa.

"Duela asko pilotariok ez gaude pozik enpresak gurekiko azaldutako jarrerengatik. Gainera, jarrera horiek zuzendu beharrekoan, areagotu egin dira azken hilabeteetan. Horrek guztiak ekarri gaitu honaino, eta gure egoeraren berri ematera bultzatu gaitu, orain arte ezkutatuta egon den arren", esaten du oharraren hasierak.

Baikoko pilotariek, honako hau gaineratzen dute: "Dena hasten da Asegarce 'desagertzen' denean. 2018ko abenduaren 28an e-mail baten bidez jakinarazi ziguten 26 urteren ostean, enpresak etapa berri bati ekingo ziola. Enpresa BaikoTaldea izenaren barruan integratuta geratuko zela azaldu ziguten, eta Bainet Sport eta Custom Sport ere talde honen barruan sartuta egongo zirela. Enpresa batek izena edota kudeatzaileak aldatzen dituenean, edo dena delakoa aldatzen duenean, lehendabizi langileei informatu behar zaiela uste dugu. Pilotarioi ez ziguten ezer azaldu. Izena aldatu eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren karguan jarri zenean aldatu zen funtzionamendua, eta pilotariok orain arte bizi ez ditugun egoerak bizitzen hasi ginen".

Jose Ramon Garairi kritikak

Komunikatuan, Baikoko zuzendari nagusia den Jose Ramon Garairen jarrera kritikatzen dute: "Kontratuak berritzeko orduan, Jose Ramon Gararirekin hitz egitea oso zaila da, gureganako tratua errespetu gabekoa baita. Batzuk, negoziazioetara aholkulari gaitua eramatearen alde egin dute, baina enpresak beti uko egin dio aholkulari horiek hartzeari eta haiekin hitz egiteari. Zergatik ezin gaitu lege-aholkulari ordezkatu? Zeri dio beldurra enpresak?".

Errepidean ematen dituzten orduak eta kilometroak ez dizkietela ordaintzen salatu dute sinatzaileek, nahiz eta aurrez ordainduko zirela adostuta zegoen. Bestalde, Baikok aldi baterako lan erregulazioa nola kudeatu duen kritikatu dute, eta, pilotarien aburuz, azken asteetan hartu diren erabakiak "mendekuak izan dira enpresaren aldetik, aldi baterakolan erregulaziotik irteteko negozioetan gertatu zenagatik".

Mobilizazioak iragarri dituzte

Enpresak jarrera aldatzen ez badu, mobilizazioak iragarri dituzte pilotariek: "Gure eskaerek erantzunik ez badute eta gureganako jokabideek txarrak izaten jarraitzen badute, neurri gogorragoak hartzera behartuta egongo gara, eta mobilizazioak iritsi daitezke. Elkarte bat sortuko dugu gaur egungo eta etorkizunean etorriko diren pilotarien interesak defendatzeko".