Lau t'erdikoa
Sestaon
Goiuri Zabaleta, Lau t’erdiko txapeldun 15 urterekin
L. E. A. | EITB MEDIA
Leitzako aurrelariak iazko finaleko arantza atera, eta bere lehen txapela irabazi du, partida bikaina eginda Amaia Aldai egungo txapelduna 11-22 menderatuta.
Goiuri Zabaletak historia egin du Emakume Master Cupeko finala 15 urterekin irabazita. Nafarra Amaia Aldai egungo txapeldunari gailendu zaio 11-22 final gogor batean.
Zabaletak egin du finaleko lehen tantoa, sakez, finalaren norabidea zein izango zen iragarriz. Leitzako aurrelaria oso seguru aritu da partida osoan, aurkaria alde batetik bestera mugituz. Aldai, aldiz, uda zaila pasatu ostean, ezinean aritu da nafarraren jokoaren aurrean. Hala ere, norgehiagoka emaitzak dioena baino lehiatuagoa izan da.
Hasierako 1-4koaren ostean, dimoztarrak launa parekatu du markagailua, baina oreka horrek ez du jarraipenik izan, Goiuri Zabaletak 0 eta 10eko partziala eginda partida erdi erabakita utzi baitu (4-14). Bizkaitarrak lau tantoko takadatxoa egin du ondoren, baina asko kostata eta Leitzakoaren aldea arriskuan jarri barik.
Datu esanguratsua: 8 eta 15ekoa izan da Aldaik sakez egin duen lehen tantoa. Bigarren bat ere egin du jarraian, baina ordurako, kantxan gertatzen ari zena ikusita, miraria zirudien finala iraultzea.
Zabaletak neurketa perfektua egin du, tantoak bata bestearen atzetik bilduz, eta 11-22 nagusitu da azkenean, azken hiru txapelak irabazi dituen Aldairen aurka. Modu ezin hobean atera du iaz aurkari berberaren kontra galdutako finalaren arantza.
Finala, tantoz tanto: 0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 1-4, 2-4, 3-4, 4-4, 4-5, 4-6, 4-7, 4-8, 4-9, 4-10, 4-11, 4-12, 4-13, 4-14, 5-14, 5-15, 6-15, 7-15, 8-15, 9-15, 9-16, 9-17, 10-17, 10-18, 10-19, 11-19, 11-20, 11-21, 11-22.