Lau t'erdikoa
Lesioa
Artolak giharretako haustura du, eta Lau t'erdiko txapelketatik at geratu da
EITB MEDIA
Baikok ohar batean jakinarazi duenez, Alegiako pilotariari egindako erresonantzia magnetikoak hori ondorioztatu du.
-
Iñaki Artolaren artxiboko argazkia
Iñaki Artola pilotariak ezin izango du Lau t'erdiko pilota txapelketan jokatzen jarraitu, bizeps femoralaren zati bat hautsi duelako. Hala jakinarazi du Baikok, astearte eguerdian, internet bidez zabaldutako ohar batean. Alegiarrak fisioterapia-tratamendua hasiko duela gaineratu du.
Alegiako aurrelariak irailaren 27an hartu zuen min, Adarraga pilotalekuan (Logroño), Salaverri II.arekin batera Zabala-Zabaleta bikotearen aurka partida jokatzen ari zela, San Mateo Torneoaren barruan.
Zalantzan zegoen, baina Lau t'erdikoan parte hartzea erabaki zuen. Final zortzirenetako partidan Ezkurdia garaitu zuen arren, final laurdenetako ligaxkan galdu egin zituen Altuna III.aren eta Zubizarreta III.aren kontrako neurketak.
Artolak muskulu-haustura bat du eta 4 1/2 Eusko Label Txapelketatik kanpo geratu da https://t.co/HpcfA6XT5H
— Baiko Pilota (@baikopilota) October 29, 2024