Lau t'erdikoa
Bigarren finalerdia
Jokin Altuna izango da Peio Etxeberriaren aurkaria 2023ko Lau t'erdiko Txapelketako final handian (21-22)
L. E. A. | EITB MEDIA
Altuna Erik Jakari gailendu zaio Eibarko Astelenan jokatutako finalerdi eroan. Amezketakoak kaiolako bere zortzigarren finala jokatuko du hilaren 19an, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan.
Jokin Altunak Lau t'erdiko Txapelketako bere ibilbideko zortzigarren finala jokatuko du azaroaren 19an Bilbon, Eibarko Astelenan jokatutako finalerdi eroan Erik Jaka 21 eta 22 mendean hartuta.
Amezketakoak arazo fisikoak izan ditu azken egunetan, eta ostiralean bertan erabaki zuen igande honetako finalerdia jokatzea. Altunak neurketa epikoa jokatu du Baikoko pilotariaren aurka. Biek, Altunak eta Jakak, 2020ko finalean neurtu zituzten indarrak, eta Aspekoa nagusitu zen orduan.
Partida lotuta hasi du Jokinek, deseroso; ondorioz, Erik Jaka izan da markagailuan aldea zabaldu duen lehenengoa (7-3). Baina Amezketako aztiak ez du inoiz amore ematen, eta 0 eta 11ko partzialari esker, 7 eta 14 aurreratu da. Sake-errebotean konfiantza berreskuratu du urdinak, Jakari erasora sartzea ezinezkoa zitzaion bitartean.
Partida Altunaren alde bideratzen hasita zegoela zirudien momentu horretan, baina Jakak sakea berreskuratu du eta sakearekin luze jokatzen hasi da, arrisku handia hartuta, neurketa 15na jartzeko. Harmailetan zaleak pozez zoratzen zeuden kantxan ikusitakoarekin.
Lizartzakoak tantoak batzen jarraitu du, eta 20 eta 15 jarri da aurretik, Altunak huts nabarmena eginda: Amezketarrak pilota luze zihoalakoan pasatzen utzi du, baina botea barruan eman du. Jokin kontzentrazio faltarekin aritu da momentu horietan.
Hurrengo tantoa erabakigarria zen bientzat, eta Jokinek eskuratu du, Jakak sakean egindako faltari esker. Lizartzakoak kale egin du momenturik txarrenean.
Jokaldiak Altuna indarberritu du, eta 20-18 hurbildu da markagailuan. 21 eta 19koaren ostean, Jokinek burua hotz mantendu du eta 21 eta 21 parekatu du markagailua. Azken tantoan, aztiak bere magia baliatu du garaipena lortzeko: 21-22. Horrela, Altunak bere zortzigarren finala jokatuko du Lau t'erdiko Txapelketan. Peio Etxeberria izango du aurkari, hilaren 19an, Bilbon.
Partidako tanto guztiak: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 5-3, 6-3, 7-3, 7-4, 7-5, 7-6, 7-7, 7-8, 7-9, 7-10, 7-11, 7-12, 7-13, 7-14, 8-14, 8-15, 9-15, 10-15, 11-15, 12-15, 13-15, 14-15, 15-15, 16-15, 17-15, 18-15, 19-15, 20-15, 20-16, 20-17, 20-18, 21-18, 21-19, 21-20, 21-21, 21-22.