Lau t'erdikoa
Lau t'erdikoa
Baikok Artola, Jaka, Larrazabal, Peña II.a eta Urrutikoetxea baieztatu ditu 2023ko Lau t’erdikorako
EITB MEDIA
Asier Agirrek eta Iraitz Zubizarretak, gainera, atarikoa jokatuko dute, irailaren 30ean; irabazlea ere izango da 2023ko Lau t’erdikoan. 2022ko pilotariei erreparatuta, Larrazabalek Unai Laso ordezkatu du, eta Zubizarreta III.ak, atarikoan, Bakaikoa.
-
Erik Jaka, Ezkurdiaren aurrean; Lizartzarrak bermatuta du Lau t'erdikoan izango dela (EFE).
Baikok Iñaki Artola, Erik Jaka, Iker Larrazabal, Jon Ander Peña eta Mikel Urrutikoetxea hautatu ditu 2023ko Lau t'erdiko Eusko Label txapelketarako, astelehenean Bilboko enpresak iragarri duenez. Baikoren seigarren eta azken tokia, baina, Asier Agirrek eta Iraitz Zubizarretak jokatuko dute, atariko batean, irailaren 30ean.
2022ko Lau t'erdikoari erreparatuta, Baikoren berritasun nagusia da Iker Larrazabal sartu dela, Unai Lasoren ordez; azken hori lesionatuta dabil oraindik, sendatze prozesuan. Horrez gain, nabarmentzekoa da duela urtebeteko atarikoan Joanes Bakaikoa aritu zela, Asier Agirre aurkari; azken hori gailendu zen, eta orain, aldiz, Zubizarreta III.aren aurka ibiliko da.
Baikoko atarikoa Itziarren jokatuko dute. Lau t'erdiko Txapelketa, ordea, urriaren 6an hasiko da.