Lau t'erdikoa
Hirugarrenez irabazle
Ezkurdia, Lau t'erdiko txapeldun
EITB Media
Joseba Ezkurdia da 2022ko Lau t'erdiko txapelduna, final ikusgarrian Jokin Altuna mendean hartuta, 22-21eko emaitzarekin. Arbizukoak hirugarrenez jantzi du 'kaiolako' txapela.
Joseba Ezkurdia da 2022ko Lau t'erdiko txapelduna igande honetan (azaroak 20) finalean Jokin Altuna mendean hartuta, 22-21eko emaitzarekin. Biek ala biek, ikuskizun bikaina eskaini dute Bizkaia frontoian, pilotazaleen gozamenerako.
Ezkurdiak hirugarrenez jantzi du Lau t'erdiko txapela. Txapeldun izan zen aurreko bietan ere, Nafaroakoak Jokin Altuna hartu zuen mendean, 2018 eta 2019. urteetan.
Lehen bi tantoak Ezkurdiak lortu ditu; Altunak ezin izan du eraman Arbizukoaren sakea, eta bigarrena horma-biko onaren bidez lortu du (2-0). Ondoren, Altunak lehia berdindu, eta aurrea hartu du markagailuan, hiru tanto jarraian eginda (2-3). Joseba Ezkurdiak aurkariaren bolada ona eten ahal izan du, tanto luze bat bereganatuta (3-3). Bizi ekin diote bi finalistek eta bakoitzak hiruna tanto poltsikoratu ostean, atseden hartu behar izan dute.
Atsedenaldi txikiaren ostean, Ezkurdiak abantaila hartu du (6-3), baina Altunak ez dio utzi zuloa handitzen, eta seinako berdinketa jarri du markagailuan (6-6). Azken berdinketaren ostean, Joseba Ezkurdiak hiru tanto jarraian egin (9-6), eta Jokin Altunak atsedenaldia eskatu du bigarrenez, lehenengoa ere berak eskatu baitu.
Ondo etorri zaio Amezketakoari atseden-setetik pasatzea, kantxara bueltatuta desabantaila murriztu du-eta (9-8). Hala ere, Ezkurdia bi tantoko errentarekin heldu da lan-erdietara (11-9).
Finalean parekotasuna izan da nagusi, eta Altunak berriz berdindu partida (11-11). Segidan, Joseba Ezkurdiak bi tantoko errenta lortu du (13-11), baina lau tanto jarraian eginda Jokin Altunak aurrea hartu du markagailuan (13-15).
Ezkurdiak ez du etsi; aurkariaren bolada moztu, markagailuan berdinketa jarri (15-15), eta, aurrea hartu du (16-15). Ondoren etorri da finaleko zazpigarren berdinketa (16-16).
Hamaseinakoaren ostean, Jokin Altunak abantaila hartu du (16-19), eta bazirudien garaipena bideratuta utzi duela, baina Joseba Ezkurdiak lanean jarraitu du; hala, ekinaren ekinez, 19nakoa markagailuratu du (19-19).
Zaleak gogotik gozatzen ibili dira bi finalistek eskaini duten ikuskizunarekin. Emozioa ere azkeneraino mantendu da. Jokin Altuna izan da 20. tantora iritsi den lehena, baina Ezkurdiak jarraian erantzun du (20-20). Gero, Arbizukoak bereganatu du 21. tantoa (21-20); Jokin Altunak, ordea, 21-21ekoa jarri du markagailuan.
Finaleko azken sakea Altuna III.ak egin duen arren, tanto erabakigarria Joseba Ezkurdiak lortu, eta finala irabazi du (22-21).