Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

FINALA, AZAROAREN 20AN

2022ko Lau t'erdiko txapelketak baditu bere protagonistak

A. A. | EITB MEDIA

Ostiral honetan abiatuko da txapelketa Elezkano II.aren eta Artolaren arteko lehiarekin. Finala, ostera, azaroaren 20an jokatuko da Bizkaia Frontoian.

01:54
2022ko Lau t'erdian parte hartuko duten pilotariak

Astelehen honetan aurkeztu dituzte azaroaren 20an Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko den finalarekin amaituko den 2022ko Lau t'erdiko Txapelketaren protagonistak eta lehiaketaren nondik norakoak.

Aspe enpresaren aldetik, Jokin Altuna -egungo txapelduna- Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria, Danel Elezkano, Aitor Elordi eta Dario Gomez arituko dira.

Baikok, berriz, Unai Laso, Mikel Urrutikoetxea, Jon Ander Peña, Erik Jaka, Iñaki Artola eta Asier Agirre hautatu ditu. Azken horrek Bilboko enpresak antolatutako aurrekanporaketa bat gainditu zuen larunbatean Bakaikoaren aurka. Nafarra 22-13 nagusitu zen bigarren mailako Lau t'erdiko txapeldunaren aurka.

Ostiral honetan abiatuko da txapelketa final-zortzirenetako lehendabiziko kanporaketarekin. Hala, Amasa-Villabonako frontoiak Elezkano II.aren eta Artolaren arteko lehia hartuko du. Larunbatean, ostera, bi norgehiagoka egongo dira Zallako Mimetiz pilotalekuan: batetik, Urrutikoetxea eta Peña II.a, eta, bestetik, Jaka eta Elordi. Igandean izango den azken kanporaketan, berriz, Dariok eta Agirrek final-laurdenetarako azken txartela izango dute jokoan, Lekunberrin.

Final-laurdenetan, ligaxka

Txapelketan aurrera egitea lortzen duten pilotariek hiru jardunaldi izango dituen final-laurdenetako ligaxkan parte hartuko dute, zerrendaburuak diren Altuna III.a, Laso, Etxeberria eta Ezkurdiarekin batera. Multzoak era honetan egongo dira osatuta:

A MULTZOA

Altuna III.a

Peio Etxeberria

Urrutikoetxea/Peña II.a

Dario/Agirre

 

B MULTZOA

Laso

Ezkurdia

Elezkano II.a/Artola

Jaka/Elordi

 

Finalerdiei dagokienez, bi multzoetako bi pilotari onenak sailkatu dira, eta elkarren artean gurutzatuko dira finalera sailkatzeko bidean: A multzoko lehen sailkatuak B multzoko bigarrena izango du aurkari, eta, alderantziz, B multzoko onenak A multzoko bigarrenaren kontra jardungo du. Norgehiagoka hauek azaroaren 5ean eta 6an jokatuko dira.

Galtzaileek azaroaren 13an izango dute hitzordua hirugarren eta laugarren tokiak erabakitzeko.