Lau t'erdikoa
Finalerdiak
Jakak eta Altunak Buruz Burukoko finala errepikatuko dute 'kaiolan'
A. A. | EITB MEDIA
Lizartzakoak Ezkurdia gainditu du Astelenan jokatu den finalerdian (22-16), eta, ondorioz, Amezketako aurrelaria izango du aurkari finalean, Buruz Burukoan gertatu legez.
2020ko Lau t'erdiko Txapelketak baditu finaleko bi protagonisten izenak, igande honetan, Eibarko Astelenan jokatu den bigarren finalerdian Erik Jaka Joseba Ezkurdiari nagusitu baitzaio (22-16). Hartara, Jokin Altunaren aurka lehiatuko da txapelaren bila datorren igandean, Bilboko Bizkaia Frontoian, hau da, duela hiru aste Buruz Buruzko finalean jardun zuten pilotari berak izango dira nor baino nor gehiago berriro.
Sakearen jabetza Ezkurdiari egokitu zaio estreinakoan, eta ondo baliatu du lehendabiziko tantoa egiteko (0-1). Hala ere, Jakak ez du ezertxo ere behar izan sakeaz jabetu eta lehen jokaldi hori oinarritzat hartuta tantoak bata bestearen atzetik pilatzeko (11 guztira). Partidako lehen txanpa hori ziztu bizian igaro da, apenas egon baita tanto-trukaketarik bi pilotarien artean (11-1).
Ondoren, sakea berreskuratzearekin batera, Arbizuko aurrelariaren susperraldia etorri da, eta 8 tanto kateatu ditu markagailuko zuloa bi tantora murrizteko (11-9).
Buruz Buruko txapeldunak, ordea, nafarraren bolada ona eten ahal izan du, arnasa hartzeko balio izan diona, ikusten baitzuen distantzia horretako azken bi txapelen jabea gerturatzen ari zitzaiola (13-9).
Hala ere, azken bi urteetako Lau t'erdiko erregeak ekinean jarraitu du, eta beste bolada handi bat erdietsi du bere alde (7), norgehiagoka iraultzeko balio izan diona (13-16). Alabaina, ez da urrutiago joateko gai izan.
Izan ere, gorabehera izugarriz beteta egon den neurketan, Jakarena izan da azken bolada emankorra. Lizartzakoak partida hasierako grina erakutsi du berriz, eta zuzenean joan da 22. tantora, Ezkurdiaren ezintasunaren aurrean.
Partidako markagailua, tantoz tanto: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 4-1, 5-1, 6-1, 7-1, 8-1, 9-1, 10-1, 11-1, 11-2, 11-3, 11-4, 11-5, 11-6, 11-7, 11-8, 11-9, 12-9, 13-9, 13-10, 13-11, 13-12, 13-13, 13-14, 13-15, 13-16, 14-16, 15-16, 16-16, 17-16, 18-16, 19-16, 20-16, 21-6, 22-16.