Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Final-zortzirenak

Artola, Laso eta Etxeberriak aurrera egin dute eta final-laurdenak zehaztu dira

Eitb.eus

Lehendabiziko biek final-zortzirenetako euren kanporaketak irabazi dituzte; Etxeberria, berriz, fase horretako galtzaileen artean tanto gehien lortu dituen pilotaria izan da.

1:46
Unai Laso

Iñaki Artola eta Unai Laso dira, Peio Etxeberriarekin batera, Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkan jarduteko sailkapena lortu duten azken pilotariak.

Tolosako Beotibar frontoiak hartu ditu astelehen honetan final-zortzirenetako kanporaketetako azken bi neurketak. Arratsaldeko lehen partidan, Artolak eta Etxeberriak oso neurketa estua jokatu dute, eta azkenerako alegiarrak erdietsi du garaipena (22-20).

Jaialdiko bigarren lehian, Unai Lasok ezustekoa eman du Danel Elezkanoren aurrean (22-17), eta, ondorioz, Bizkarretakoak (Nafarroa) bereganatu du txapelketako hurrengo fasean izateko eskubidea.

Beste leku bat jokoan

Eguneko hirugarren sailkatua Peio Etxeberria izan da. Aipatu legez, aurrelari nafarrak 20 tanto egin ditu bere neurketan, eta, hartara, bera izan da fase honetan galtzaile izandako pilotarien artean lehia irabaztetik gertuen egon dena. Izan ere, Irribarriak zazpi tanto besterik ez zizkion egin Victorri ostiralean (22-7); Bakaikoak, bere aldetik, bat gutxiago (sei) lortu zituen Jakaren aurka (22-6), larunbatean.

Ondorioz, Etxeberriak beteko du Mikel Urrutikoetxearen lesioak final-laurdenetan utzitako hutsunea.

Horrenbestez, honako era honetan geratu dira osatuta final-laurdenetako bi multzoak:

A multzoa:                                 B multzoa:
     

Altuna III.a

  Bengoetxea VI.a

P. Etxeberria

  Ezkurdia

Victor

  Artola

Jaka

  Laso

Final-laurdenak, ostiraletik aurrera

Final-laurdenetako ligaxka ostiral honetan jarriko da martxan, Azpeitian, A multzoari dagokion Victorren eta Jakaren arteko partidarekin. Multzo horretan bertan, urriaren 14an, astelehenean, Jokin Altuna, egungo txapeldunordea, eta Peio Etxeberria izango dira aurrez aurre Tolosan.

B multzoan, larunbatean, Artola eta Laso izango dira nor baino nor gehiago Altsasuko Burunda pilotalekuan. Azkenik, igandean, Lekunberrin, Oinatz Bengoetxea eta Joseba Ezkurdia egungo txapelduna lehiatuko dira elkarren aurka.