Lau t'erdikoa
Laso menderatu du (22-18)
Artolak final-laurdenak osatu ditu
Erredakzioa
Iñaki Artolak 22-18 irabazi dio Unai Lasori final-zortzirenetako kanporaketa eta Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkara sailkatu da.
Iñaki Artolak Lau t'erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela eskuratu du Unai Lasori 22-18 irabazita final-zortirenetako kanporaketako partida. Artolak Ezkurdiaren aurka jokatuko du ligaxkako lehen partida, eta multzo honetan daude Urrutikoetxea eta Altuna III.a pilotariak ere.
Parekatuta hasi da neurketa (1-1 eta 3-3), baina lehen berdinketen ostean Lasok bost tantoko abantaila eskuratu du (3-8). Artolak, ordea, azkar erantzun du, partida berdinduta (8-8) eta markagailuan aurrea hartuta (9-8). Sei tanto segidan egin ditu Artolak, baina Lasok aurkariaren bolada eten du, neurketa berriro berdinduz (9-9).
Partidak izan duen laugarren berdinketaren ostean, Artola aurretik jarri da (12-9), baina Lasok ez dio alde egiten utzi (12-11). Ondoren, beste hiru tanto egin ditu Iñaki Artolak (15-11) eta Lasorentzat kolpe latza izan den arren, Unaik norgehiagoka berdintzea (15-15) lortu du. Zailena egin du Unai Lasok, baina kale egin du berdinketaren ostean, eta horretaz baliatu da Artola garaipena bideratuta uzteko (20-15). Beste kolpe gogor bat jaso du Unai Lasok, hala ere, ez du etsi eta aldeak murriztea lortu du (21-18). Artola, ordea, ez da urduri jarri eta garaipenak ez dio ihes egin (22-18).