Lau t'erdikoa
Final-zortzirenak
Artola final-laurdenetako ligaxkan da, Olaetxeari 22-17 irabazi ostean
Leire Etxazarra | eitb.eus
Alegiako pilotaria jaun eta jabe izan da partidako lehen zatian, eta gerora erabakigarria izan den tartea zabaldu du markagailuan. Olatxearen erreakzioa berandu iritsi da.
Iñaki Artola Lau t’erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxka jokatzeko sailkatu da. Gipuzkoarrak 22 eta 17 irabazi dio Mikel Olaetxeari, final-zortzirenetako lehen norgehiagokan.
Lehen tantoetako oreka gaindituta, eta 5na egin ostean, Artolak alde handia, eta erabakigarria, zabaldu du markagailuan: 5-17. Sakean oso sendo aritu da Alegiako gaztea, eta aurkaria mendean izan du partidako lehen zatian.
Hala ere, Olaetxeak ez du amore eman. Errematean hobera egin du eta, amorruz, tantoak irabazten hasi da markagailuan 14-18 hurbildu arte. Baina sakea galduta, Artolak ez du barkatu eta berriro aurrea egin du, 21. tantora iritsi arte.
17 eta 21 emaitzarekin, Olaetxeak modurik eta krudelenean galdu du partida: sakean falta eginda. Azkenean, 22 eta 17, Artola final-laurdenetara.
Markagailua: 1-0/1-3/4-3/4-5/5-5/5-17/7-17/7-18/14-18/14-21/17-21/17-22