Lau t'erdikoa
Txapelduna
Aimar Olaizola, 'kaiola'ko errege
Leire Etxazarra | eitb.com
Jaun eta jabe da Lau t'erdikoan; zazpi txapela irabazi ditu, azken hirurak jarraian, aurkariei aukerarik eman gabe. Irujo izan da, hirugarrenez, bere aurrean burua makurtu duen azkena.
-
Aimarrek zazpigarren txapela jantzi du Lau t'erdiko Txapelketan. Efe.
Aimar Olaizolak soinean du jada Lau t'erdiko Txapelketako bere zazpigarren txapela. Juan Martinez de Irujori 22 eta 16 gailendu ostean, goizuetarrak pilotari handien artean duen lekua berretsi baino ez du egin.
2013koa 'kaiola'n lortutako hirugarren garaipena jarraina izan da, aurretik beste pilotari handi batek bakarrik lortutako balentria: Julian Reteguik Lau t'erdiko hiru final irabazi zituen 1989 eta 1991 urteen artean. Baina Olaizola II.ak beste inork ez ditu 'kaiola'n zazpi txapela jantzi.
Asegarceko aurrelariak 34 urte ditu eta 13 txapela pilatu ditu bere ibilbide profesionalean: Lau t'erdian aipatutako zazpiak, lau Buruz burukoan eta bi Binakakoan. Badu bidea Retegik irabazitako 20etara iristeko.
"Garrantzitsuena orain horrela jarraitzea eta txapela gehiago irabaztea da", esan du Oguetako finala irabazi ostean. "Eta ondoren, irabazteko aukerarik ez dudanean eta jokatzeari uzten diodanean, bista atzera bota eta egindako guztiaz jabetuko naiz".
Kondizio fisiko izugarriak eta mirarizko ezker eskuaz baliatuta, Olaizola aurreko koadroetako errege bihurtu da. Nafarra bere ibilbideko une gozoetan da, eta ez du aurkari argirik. Bere nagusitasuna urratzen saiatu den azkena Irujo izan da, eta berriro ere, hirugarrenez Lau t'erdikoan, burua makurtu behar izan du.