Lau t'erdikoa
Final handia
Bi pilotari, txapela bakarra
Erredakzioa
Olaizola II.ak eta Irujok Lau t'erdiko Txapelketako finala jokatuko dute. Goizuetarrak jokatu dituen sei finalak irabazi ditu; Irujok, aldiz, bi txapela ditu eta Aimarren nagusitasuna hautsi nahi du.
Gasteizko Ogueta pilotalekuak hartuko du gau aurtengo Lau t'erdiko final handia (zuzenean, 21:15ean). Bertan, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo izango dira aurrez aurre.
Egungo pilotan dauden bi izen nagusiak izango dira, berriro ere, 'kaiola'ko final batean, eta norgehiagokak, betiko legez, pilotazale ugari erakarriko ditu.
Finala astebeteko atzerapenaren ondoren jokatuko da, Olaizola II.ak aldakan zituen arazoez osatzeko denbora eskatu baitzuen finalerdia irabazi eta gero.
Juan Martinez de Irujok ere arazo fisikoak izan ditu, atzamar batean, eta zenbait partidetan mailari eusteko arazoak eragin dizkio.
Olaizola II.a: seitik sei
Aimarrek final handietan duen bolada onari eutsi nahi dio, Lau t'erdikoan jokatutako seiak irabazi baititu, aurrelarien txapelketan jaun eta jabe dela argi utzita.
Iberoko pilotariak, aldiz, lau final jokatu eta bi irabazi ditu, eta pronostikoak iraultzea espero du, aurreikuspenek Aimar ematen baitute garaile. Zazpigarren txapela izango litzateke Asegarceko aurrelariarentzat.
2008an eta 2011n ere, biak finalean
Larunbatekoa ez da Olaizola II.ak eta Irujok 'kaiola'n jokatuko duten lehen finala izango. Aurretik 2008koan eta 2011koan ere lehiatu ziren, eta bietan Olaizola nagusitu zen.
Goizuetarrak hirugarren garaipena jarraian nahi du, Julian Reteguik 1989 eta 1991 urteen artean egindakoa berdintzeko.
Polemika
Finalen inguruan erraza da polemika sortzea, eta aurtengoaren inguruan ere izan da saltsarik. Aimar Olaizolak Radio Euskadiko "Fuera de Juego" saioan adierazpen hauek egin ditu: "Juanek ni asteazkenean entrenatzen aritu nintzela esatea ez zait batere gustatu, ez zelako horrela izan. Ez dut atsegin bera ni zaleen aurrean gaizki uzten saiatzea. Hori soberan zegoen".
"Horregatik esan dut batzuei xelebrearena egitea gustatzen zaiela", azaldu du goizuetarrak. "Nik atzerapen bat eskatzen dudanean, Juanek beti du zeozer esateko. Azken bi urteetan bera izan da atzerapenak eskatzen lehena, eta ni isilik egon naiz. Gauza batzuk soberan daude", gaineratu du.